Bidane Txopitea | Sopranoa
Nola sortu zen 4kotegehi7 taldea?
Bi talderen bateraketa da. Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolako lau ikaslek osatzen dugu Laukote taldea. Gehi Zazpi taldea, berriz, Durangoko Erdi Mailako Kontserbatorio Profesionaleko eta Musika Eskolako zortzi biolontxelo-jolek osatzen dute. Bi taldeak batzearen ideia Agurtzane Mentxaka eta Irati Ortubia irakasleek izan zuten eta urte bat daramagu proiektu berri hau lantzen.
Bi taldeak batuta egingo duzuen lehen emanaldia izango da; urduri al zaudete?
Eskoriatzan jotzeko gogotsu gaude, oso pozik. Gainera, Eskoriatzako lankide batek aipatuta ezagutzen dut Errekan Gora, eta jaialdiari hasiera ematea ohorea izango da.
Zer aurkituko du zapatuko kontzertura gerturatzen denak?
Txelo taldea 16 eta 20 urte bitarteko ikasleek osatzen dute. Abeslariok, berriz, nagusitxoagoak gara, 35 urteren bueltakoak. Betiko boleroez osatutako errepertorioa eskainiko diegu eskoriatzarrei.
Zer-nolako boleroak izango dira?
Bésame mucho, Contigo aprendí, Acércate más, Historia de un amor… halako abestiak. Ezagunak diren arren, moldatu egin dituzte gure irakasleek lau ahots eta biolontxeloetara moldatzeko.
Agian, goiz da, baina diskoren bat ateratzeko asmorik?
Asko entseatu ondoren, orain hasi behar dugu, eta ondo badoa, agian, planteatuko dugu…
Hemendik aurrera?
Hasiera batean, udarako prestatu dugun taldea izan da, eta hainbat emanaldiren ostean talde bakoitzak bere bidea jarraituko du. Etorkizunean, ikusiko dugu zer gertatzen den…