Guztira, 260 haur ibiliko dira Txirikilla elkarteko 27 begiralerekin, Nekane Atxaga eta Maialen Lete koordinatzaileen gidaritzapean. Hala, Haur Hezkuntzako hiru mailetako eta Lehen Hezkuntzako sei mailetako haurrei, jokoz eta ekintzaz betetako egun bikainak prestatu dizkiete.
Haurrak ere planifikatzen
Aurten berrikuntzak izango dira udalekuen planifikazioan. Nekane Atxaga koordinatzailearen esanetan: "Aurtengo programa antolatzeko orduan, haurrek parte hartzea nahi dugu. Horretarako, hitza emango diegu, eta denon artean planifikatuko ditugu egunak. Bide batez, egun-pasa gehiago egiteko asmoa ere badugu".
Lehenengo astea antolatuta dute jadanik, baina bigarren eta hirugarren asteetan begiraleek eta haurrek elkarren artean antolatuko dituzte egunak. Hala ere, ez dira falta izango urteroko Gamarrako igerilekura eta Gopegira irteerak.
Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoak, berriz, ez dira aurten mendira joango. Irteera seguruagoa izateko, Galartzako dorretxera joango dira, bi gau pasatzera, eta bide batez Murura irteera ere egingo dute.
Arauak eta metodologia
Urtero bilera informatiboa egiten dute gurasoekin udalekuen gainean. Aurten, aldiz, eskutitz bat bidaliko diete etxera, udalekuen arauak eta metodologia berria azaltzeko.