Bazkari mexikar arrakastatsua
Bazkari mexikarra gerizpetan egin dute kontzejupen, eta oso osorik bete da. Urtero errepikatzen duten lagun koadrila asko batu dira bertan. Gainera, urte askotan egon izan den sukaldaria ez da izan aurten janaria prestatzen, baina erreleboa hartu diotenek bikain egin dute. Jatekoen artean; guakamolea, barazki parrillada, askotariko takoak; tinga, txanpiñoiak… izan dituzte. Bazkaria amaitzeko; etxeko pastak, Chiapaseko kafea eta mojitoak izan dira guztientzat.
Barraskilo katea
Dron bat erabiliz grabaketa egin dute airetik bazkari mexikarraren ostean. Chiapaseko ikur den barraskilo bat irudikatu nahi izan dute, lagun bakoitzak kartulina bat eskuetan altuan jarriz bata-bestearen atzean. Kartulina bakoitzak letra bat du idatzita, eta denak batuz: Beste mundu bat posible da… esaldia irakurri zitekeen.
Ondoren, Imanol Ituñok magia erakustaldia egin du, eta Rosa Sanchez kantautorearen kontzertua eskaini du. Gero, hiru talde igo dira eszenatokira: The Smoker Trumpet Grow, mexikar doinuekin, Katekesis punk-rockarekin, eta amaitzeko, Hobbo taldea, Creedence Clearwater Revival-en bertsioak eginez.
Balorazio oso positiboa
Antolatzaileen esanetan: "Aste osoa bikaina izan da, eta jendearen parte-hartzea berriz, hobezina. Oso pozik gaude, eta gaur, eguraldi honekin, ezin gara kexatu. Orokorrean balorazio oso positiboa egiten dugu". Bestalde, gonbidapena luzatu dute, datorren urtera begira, jende gehiago batzeko asmoz.
Esaldi honekin amaitu gura izan du hamabosgarren aste zapatista Iurre Romaratezabala antolatzaileetako batek: "Beste mundu bat lortzeko, denok jarri behar dugu gure partetik, eta gonbidatuta zaudete denok datorren urteko aste zapatistara".