Oraindik ez da, baina, bukatu Aste Zapatista. Atzo, Nai malabaristak plaza bete zuen, eta gaztetxoek ederki pasatu zuten malabaristaren trukuekin. Mokadutxo bat jateko aukera ere izan zen, Jose Mari Legorburuk prestatutako tako mexikarrekin. Gazta porra berriz, Juani Murillok asmatu zuen: gaztak kilo bat eta 55 gramo zituela bota zuen. Gaur arratsaldean piñata eta Alaitzen taldearen kanta mexikarrak izango dira. Bihar, berriz, egun handia iritsiko da, eta goizeko hamarretan emango diote hasiera txupinazoarekin.
Bazkaria eta kontzertuak
14:30ean herri bazkaria egingo dute plazan. Barazkien parrillada, guakamolea, mojitoa eta kafe mexikarra izango dira menuan.
Bazkalostean, Rosa Sanchez bakarlariaren kontzertuaz gozatu ahal izango dute, 17:30 aldera Imanol Ituño magoaren ikuskizuna izango da eta ondoren, 19:30ean, tonbola.
Bestalde, 20:00etan hasita hiru talderen kontzertuak izango dira ikusgai: lehena The Smoker Trumpet Grow izango da, eta mexikar estiloko doinuak joko dituzte; segidan, Katekesis zestoarren punk-rocka izango da; eta bukatzeko, Creedence Clearwater Revival-en bertsioak, Hobbo talde durangarraren eskutik.