Titanic filmaren soinu-banda, Ramones taldearen Rock and roll radio abestia... estilo ugaritako piezak joko dituzte. Zeharkako txirula, haize-instrumentuak, perkusioa eta mota askotariko instrumentuen arteko konboak izango dira, zortzi pieza guztira.
Kolaborazioak
Ikasturte bukaerako kontzertu berezi horretan, Oñatiko musika eskolaren eta Huheziko Haur Hezkuntza graduko ikasleen laguntza izan dute. Azken horiek gorputz perkusio taldearen koreografia prestatu dute.
Bukaeran, aldiz, Oñatikoen txanda helduko da. Eskoriatzako ikasleekin batera joko dute irakasle berarekin landutako pieza bat. Aurrez ere jo izan dute batera Oñatin.
Musikatu bizitza
Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko kide da Beheko Errota, eta Donostia 2016 proiektuan parte hartzen du. Ekimen horretarako elkarteak pieza berezi bat konposatu du: Musikatu bizitza. Biharko kontzertuan hura erabiliko dute oinarri musikal gisa, datorren ikasturtean zehar asko landuko baitute, eskolatik azaldu dutenez.