"Batek baino gehiagok komentatu digute parte-hartzeko tentazioa daukatela, baina erritmo altuegia egongo delakoan beldurtuta daudela. Bada, kendu beldur horiek eta animatu, izan ere, atzealdean talde bat sortuko dugu lasterketa erritmo lasaiagoan egin ahal izateko".
23 kilometro, gabez
Lasterketak 23 kilometro izango ditu eta 2.400 metroko desnibela. Zenbateko horiekin bistan dago korrika egitera ohituta dagoen jendeari zuzendutako lasterketa dela, eta ibilbideari dagokionez azken urteotakoari eutsiko diote: "Lehenengo joan-etorria Asentzio aldera egingo dugu, eta Eskoriatzako erdigunetik pasa ostean etorriko dira malda gogorrenak: Aitzorrotzera igo, handik Makatz gaineko tontorretik Leixargaratera. Han, ostera, beherantz, eta Lete auzotik helmugara". Eta noski, gabez: "Gabez egiteak beste izaera bat ematen dio lasterketari, eta oso berezia da korrikalariak inguruaz sortzen duen armoniak. Zentzu guztiak jarri behar dira egiten ari garen horretan, eta sentsazio oso bereziak izaten dira. Hala, izenematea martxa onean badoa ere, egunean bertan ere izena eman ahal izango da. Bosgarren edizio honetako nobedadeetako bat izango da mendia argiztatzeko antolatzaileek erabiliko duten sistema. "Orain arte tira fluoreszente batzuk erabili ditugu, baina garestiak ziren, eta ezin ziren berrerabili. Hala, zabor mordoa sortzen genuen eurekin. Eta, aldatzea erabaki dugu. Hala, eguzki izpiez kargatzen diren lanparatxo batzuk erabiliko ditugu, led moduko batzuk. Ez da inbertsio handia izan, eta berrerabilgarriak dira. Baina leku kritikoetan iazko tira batzuk ere jarriko ditugu".