San Pedro auzoko obrak hilabete barru hasiko ditu Sasoi enpresak

Imanol Beloki 2015ko eka. 5a, 11:02
Ekaineko ezohiko osoko bilkuran talde-argazkia egin du udalbatzak.

San Pedro auzoko hirugarren faseko berrurbanizazio proiektua Sasoi eraikuntza enpresari esleitu dio Udalak; bestalde, Zaldibar antzokiaren obrako likidazioan 10.000 euroko gain-kostu bat izan da. Horiexek jakinarazi zituen, besteak beste, udalbatzak asteon egin duen ezohiko osoko bilkuran.

San Pedro auzoko obrak egiteko bost enpresa aurkeztu dira, eta horietatik Sasoi eraikuntza enpresak, puntu gehien lortuta, egingo ditu lanak. Aurrekontua 247.000 euro da, BEZik gabe, baina 212.000 eurotan esleitu diote.

Gainera, baldintza guztiak betetzen dituen Sasoi eraikuntza enpresak langabezian dauden bi langile kontratatuko ditu jardun osora, eta obrak hilabete barru hasiko dira, gutxi gorabehera. Lanek hiru hilabete eta erdi iraungo dute, eta denbora horretan hainbat eragozpen sortuko dira auzoan. Beñat Herce jarduneko alkateak hauxe azaldu du: "Ura moztuko dute, aparkaleku batzuk ezin izango dira erabili, ezta etxeetarako sarrera batzuk ere… baina Udaletik pazientzia eskatzen diegu herritarrei".

Zaldibarko obraren likidazioa

Zaldibar antzokia lau urtetan egindako azpiegiturarik garrantzitsuena izan da Eskoriatzan. Milioi bat eta seiehun mila euroko kostua izan du, eta, horrez gain, 10.000 euroko gain-kostua egon da.

Herceren esanetan, "kostu hori justifikatuta dago; izan ere, Udalak obran bertan hainbat aldaketa eskatu ditu. Aldagela ez zen obra barruan sartu, aretoko sarreran aldaketa batzuk izan dira, eta anfiteatroan ere bai. Hala, diru gehiago jarri behar izan da lanak egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak