Hunkitzeko moduko omenaldia egin diote Itoitz Armendaritzi

Imanol Beloki 2015ko mai. 29a, 10:59
Oroigarria, koadroa eta Udalaren diru laguntza jaso zituen.

Itoitz Armendaritz munduko mushing txapeldunari omenaldi berezia eskaini zioten Zaldibar antzokian. Aretoko sarreran haren argazkiak, kamisetak… zeuden zintzilikatuta apaingarri gisa, eta lagunek, familiakoek eta herritarrek aretoa bete zuten.

Orain arte egin duen lana aitortzeko omenaldiak txapelduna hunkitu zuen. Haren esanetan:  "Ez nuen espero horrelako omenaldirik; egia esan, ez nekien zertara nentorren ere". Hala, txalo zaparrada jasota igo zen oholtzara eguneko protagonista, eta, urduritasuna baretzeko asmoz, bere ibilbidearen inguruko bideo batekin hasi zen ekitaldia.

Aurkezlea Aitor Elduaien izan zen, Euskadi Irratiko esataria eta Armendaritzen laguna. Elduaienek bidaien eta abenturen saioa eskaintzen du astebururo Bidaldi saioan, eta, hori horrela, Armendaritzen ibilbidea gertutik ezagutzen du. Hala, txapeldunaren gaineko bitxikeria, istorio eta abentura ugari kontatu zituen, giro eder eta umoretsuan.

Oroigarriz betetako ekitaldia

Eskoriatzako bi neska gaztek aurreskua dantzatu eta gero, Hankamotx Bertso Eskolakoek bertsoak abestu zizkioten. Ondoren, Karmelo Oñate ilustratzaileak koadro bat oparitu zion, berak marraztutakoa; bertan, Armendaritz lerarekin eta txakurrekin elurretan agertzen da.

Udalaren partetik, berriz, Jose Angel Petralandak Zubiate labean egindako oroigarri bat eman zion eta Igor Ezpeleta Kirol zinegotziak, berriz, lehiaketetarako diru laguntza bat.

Amaiera paregabea

Ekitaldi amaiera oso dibertigarria izan zen guztientzat. Izan ere, Zaldibar aretotik irten, gurpildun lera hartu, txakurrak lotu, eta antzoki parean bira batzuk emateko aukera izan zuten bertaratutako guztiek. Nahiz eta baldintza onenetan ez izan; mushinga nolakoa den eta txakurren erreakzioak ikusteko modu polita izan zen.
Batez ere, gaztetxoek disfrutatu zuten, eta hurrengo batean elurretan probatzeko gogoz egongo dira, seguruenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak