Gure botoak ere jaitsi dira eta honek autokritika sakonerako parada eman behar digu. EH Bildu bezala erlaxatu egin gara, konfiantza izan. Delegazionismo puntu bat ikusi dut, Udalean, kalean… eta hori aldatu beharra dago, herrigintza zabal eta anitza martxan jarriz.
Bestalde, penaz hartzen dut lau urtetan ezer gutxi egin duen alderdi batek irabaztea. Gu lanera etorri ginen; ez genuen hau edo beste egiten botoak handik edo hemendik jasotzeko. Agian, hori egin behar genuen: lan gutxiago eta kanpaina gehiago, edo ez? Ba ez; hasieratik garbi izan dugu gu lanera etorri garela, Eskoriatza hobetzeko. Eta egin dugu, lan asko eta ona.
Alde horretatik oso pozik nago. Baina hauteskundeetako emaitzak argiak dira: herritarrek beste eredu baterako hautua egin dute, gurearen guztiz kontrajarria. Halaxe da, ba, demokrazia eta kiroltasunez onartuko ditugu emaitzok. Gaur, 4 urte atzera begira, uste dut egin genuen errazena hauteskundeak irabaztea izan zela. Ez dute lan makala izango hurrengo datozenek! Agortu zaizkie aitzakiak eta, behintzat, prentsan ika-mikatik zerbait egitera pasatzen badira ez da gutxi izango! Baina guk ere baditugu ardura eta erantzukizunak: oposiziotik lan zorrotza egingo dugu, hori ere oso garrantzitsua baita.