Zazpigarrenez antolatuko dute Eskoriatza Kirol Elkartearen Eguna herrian. Pixkanaka, gainera, indarra hartzen doan ekintza da, eta maiatzaren 30ekoa, jendetsua izango dela aurreikusten dute antolatzaileek: "Gutxienez 150 pertsona batu gura ditugu bazkarirako", dio areto futboleko entrenatzaile Narciso Pavok.
Goizeko hamarretan hasita
Gutxienez herriko hiru gune beteko dira ekintzaz. Izan ere, horiek egingo dira kiroldegian, Ibarraundin eta baita herriko plazan ere. Jaia izanik, kirola eta festa bateratuko ditu egunak. Goizeko hamarretan hasiko da dena, kiroldegian. Ordu horretan, beteranoen saskibaloi partidua egongo da. Hamarretan, baita ere, eguneko ekitaldi garrantzitsuenetariko bat hasiko da. Alegia, Jesus Candelas areto futboleko entrenatzailearen hitzaldia. Ibarraundin izango da hori. Hitzaldiaren ostean, klase praktikoa egiteko aukera egongo da, hori baina, kiroldegian.
Bien bitartean, herriko plazan, txistorra eta sagardo dastaketa egongo da eta baita umeendako jolasak ere; puxikak, eskulanak... Herri bazkarian paella erraldoia egingo da: "Iaz ere egin genuen paella eta ederra atera zen. Aurten errepikatzea erabaki dugu", dio Narciso Pavok. herri bazkarira joan ahal izateko txartelak salgai daude dagoeneko, kiroldegian, Inkernun eta Akeitan, 9 eurotan. Kirol elkarteko bazkide direnenendako, 7 eurotan egongo dira txartelak. Antolatzaileek herritar guztiei dei egin diete egun horretan egingo diren ekintzetan parte hartzera eta bereziki, herri bazkarian parte hartzera. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, umeendako jolasek jarraipena izango dute eta bi txapelketa ere egingo dira; Areto futboleko trebeziak erakutsi beharko ditu baten parte hartzaileak eta binakako saskibaloi jaurtiketak egitean oinarrituko da bigarrena. 19:30ean parrillada erraldoia egingo da herriko plazan eta bukatzeko, 21:30ean, Errege kopako Athletic eta Bartzelonaren arteko finala ikusteko aukera egongo da pantaila erraldoian.
Entrenatzaile sarituena
Egun osoko jaian zerbait nabarmendu behar bada, hori da zalantza barik, Jesus Candelas entrenatzaile sarituaren hitzaldia. Candelas Irango areto futboleko selekzioko entrenatzailea izan da orain arte eta bi bider jaso du munduko entrenatzaile onenaren titulua: "Hitzaldi ikusgarria egingo du Candelasek", dio Narciso Pavok. "Beste batzuetan ere ikusi izan dut eta berezia da hura entzutea. 2008an ezagutu nuen Madrilen eta ordutik kongresu askotan elkartu izan gara. Benetan, animatuko nituzke herritar guztiak Candelasen hitzaldian eta klase praktikoan parte hartzera", gaineratu du.
Kirola bultzatzeko, eta bereziki areto futbola eta saskibaloia bultzatzeko asmoarekin egingo da maiatzaren 30ekoa Eskoriatzan.
Jesus Candelas | areto futboleko entrenatzailea
"Egin dezakedan ekarpen handiena nire esperientzia partekatzea da"
Jesus Candelas (Madrid, 1957) areto futboleko entrenatzaile garrantzitsu eta entzutetsu bat da. Irango selekzioko entrenatzaile izan da orain arte –ez du kontratua berritu azken bost hilabeteak zor dizkiotelako–.
Eskoriatzara zatozen lehen aldia da?
Aurrez ere egona naiz, birritan. Lehen aldian asko harritu ninduen inguruak eta bigarrenean, erabat txunditu ninduen. Sekulako parajeak dituzue eta herritarrek oso ongi hartu naute. Etxean bezala sentitzen naiz.
Hitzaldia egingo duzu eta baita klase praktikoa ere.
Gidoi barik joatea gustatzen zait, inprobisatzea. Klase praktikoan askotariko ariketak egingo ditugu.
Areto futbolak promozionatzeko beharra du?
Futbolak kalte handia egin dio areto futbolari. Atzean gelditu da, pentsa, kirol olinpikoa ere ez da eta emakumezkoen munduko txapelketarik ere ez dago; horrek asko esaten du kirol batez.
Beraz, garrantzitsua da herrietan halako egitasmoak aurrera eroatea.
Beti pentsatu izan dut egin dezakedan ekarpen handiena dela nire esperientzia partekatzea. Lagundu badezaket, ahal dudan neurrian gutxienez, egingo dut,