Zer espero duzu asteleheneko omenaldian?
Udaletik deitu zidaten ordua eta eguna zehazteko, baina ez dakit zer izango den. Espero dut lagun arteko zerbait izatea. Lotsa pixka bat pasatzeko momentua izango delakoan nago. Ziurgabetasunarekin joango naiz, hori seguru.
Zuena moduko kirolean, sikiera, aitortza.
Tituluren bat irabaztean aitortzen den kirola da, oso sakrifikatua, nahiz eta lana beti berdina izaten den. Zorrotza naiz lanean, nahiz eta gertukoekin hitz egitean itxura hori ez dudan ematen.
Zer aldatu da zure bizitzan munduko txapelketa irabazi zenuenetik?
Zintzoa izanda, kazetarien aldetik milioika dei izan ditut, besterik ez. Medioetan oportunista asko dago, nahiz eta beste batzuek urte osoko jarraipena egin didaten. Irabazi dudan saria lana izan da; hitzaldiren bat edo beste egitea, dei ugari jasotzea… Hori bai, lagun artean ospatzearekin eta gertukoek zoriontzearekin pozik nago.
Zer izan da, zuretzat, munduko mushing txapeldun izatea?
Espainia edo Euskal Herri mailan irabaztea ezberdina da, jende gutxik hartzen duelako parte, baina munduko txapelketen parte hartzea bakarrik, niretzat, sari bat da.
Zer esan zizuten zure gertukoek?
Sorpresa izan zen denentzat. Urte askotako lanaren emaitzarik onena izan da.
Kirola egitea baino gehiago da, ezta?
Kirol honetatik ezin da bizi, eta, gastu handia badu ere, zaletasuntzat dut. Ez naiz profesionala, elitekoa baizik. Datorren urtean, Norvegian jokatuko da Europako txapelketa eta gustatuko litzaidake hara joan ahal izatea.