Astero ordu eta erdiz batzen dira herriz herri sortzen joan diren Auzokoko taldeak. Hauetan, euskaldunak eta euskaraz ez dakien edo ikasten ari den jendea biltzen da dinamika desberdinen bitartez elkarren arteko harremana sendotu eta jendea euskarara gerturatzeko. Ibarrean, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Oñati eta Eskoriatzan osatu dira taldeak dagoeneko. Hauetaz gain, Azpeitia, Azkoitia, Donostia eta Ibarran ere martxan dago ekimena.
Zapatuan, goizeko 11:30etan emango diote hasiera jaiari, herriko plazan burutuko duten ekitaldi batekin. Ondoren, egunean zehar, Auzoko egitasmoaren funtzionamendua ezagutaraziko diete herritarrei, eta hizkuntza eta kultura berriak ezagutzeko aukera egongo da. Bestalde, haurrek ere izango dute non gozatu zapatuan Eskoriatzan; izan ere, antolatzaileek munduko jolas eta eskulan tailerrak prestatu dituzte beraientzat. Eguerdian berriz, jatorri desberdinetako sukaldaritza dastatzeko aukera egongo da, Auzokoko kideek probatzeko janaria banatuko baitie gerturatzen direnei.
Jai honek herri desberdinetako taldeetako parte-hartzaileak elkar hobeto ezagutu eta beraien arteko harremana eta elkarlana sustatzeko helburua dauka.