Bazkal ostean, tonbola, bertsoak… izan zituzten eta umeentzako jokoak ere izan ziren plazan goizean bezala. 19:00etan kontzertuak hasi ziren eta eguraldia lagun, Jon Gurrutxagaren kontzertu akustikoa izan zen lehen emanaldia Inkernu tabernaren kanpoaldean. Batez ere, familiak izan ziren musika akustikoaz lasai-lasai gozatzen. Ondoren berriz, Leire eta Eneritz arrasatearren trikiti doinuek dantzan jarri zituzten Eskoriatzarrak, eta erromeriak giro bikaina ezarri zuen kale osoan.
Eskoriatzarrak dantzan zebiltzan bitartean, ziza zozketa mundiala ere izan zen bide batez (saritua 366 zenbakia). Egunari amaiera emateko berriz, gauean Dj Makalak girotu zuen Inkernu taberna, eta jaiak gaueko ordu txikietara arte iraun zuen.