Atxorrotx kultura elkartea: hamar urte herria girotzen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko mai. 8a, 12:28
Revolta Permanent.

Urtean zehar egindako lana kalera atera eta, era berean, bazkideei, emandako laguntza eskertzeko helburuarekin, Atxorrotx kultura elkarteak egun osoko jaia antolatu du biharko, zapaturako, askotariko adinetako herritarren gozamenerako. Revolta Permanent taldearen kontzertua izango da gaur, barikua.

Aurten, baina, elkartearen hamargarren urteurrena dela-eta, aurreko urteetan baino egitarau zabalagoa prestatu dute. Hori horrela, atzo, eguena, Arrasateko Governors taldea Inkernu tabernara gonbidatu zuten Su Gainean DVD berria aurkeztu eta zaleekin batera ikusteko. Sinadurez gainera, kamisetak eta DVDak zozkatu zituzten. 

Arrasatekoen lekukoa Revolta Permanent taldeak hartuko du gaur, egubakoitza, Inkernu tabernan egingo du-eta, 23:00etan, birako azkeneko kontzertua.  

Egun handia, baina, biharkoa izango da, herriko plaza eta Inkernu taberna izango dira jaigune nagusiak. Eguerdian, herriko talogileen eskutik, taloak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da. Ondoren, Hotela tabernan herri bazkaria eta arratsaldean eta gauean askotariko musika emanaldiak: blues doinuak, Jon Gurrutxagaren eskutik, erromeria Arrasateko Leire eta Eneritzekin eta gauean DJ Makalak girotutako dantzaldia. 

Logotipo berriaren aurkezpena 

Irudi berria estreinatu gura izan dute elkartearen hamargarren urteurrenaren aitzakian. "Naiara Errasti herriko diseinatzaileak egin du logoa, eta, egia esan, badu bere esanahia, baina ezin dut gehiago kontatu bihar artean, sorpresa da-eta", dio, barrez, Iñaki Kortazarrek, elkarteko kideak, eta zera gaineratu du: "Kamiseta berriak salgai jarriko ditugu eta familia argazkia aterako dugu. Bazkideei eskerrak emateko modu bat da argazki hori; izan ere, euren laguntza barik, ez ginateke-eta gauden tokira helduko".

Atxorrotx kultura elkarteak 110 bazkide ditu egun. Herriko euskara eta kultura bultzatzeko helburuarekin sortu zuten. Asko izan dira antolatu izan dituzten ekitaldiak. "Orain buru-belarri ari gara datorren udako Errekan Gora jaialdia antolatzen. Laster egingo dugu aurkezpena, baina aurreratzen dizuet sekulakoa izango dela". 


EGITARAUA

12:00 Gaztelu puzgarriak eta musika herriko plazan. 

12:30 Talo eta sagardo postuak herriko plazan.

13:00 Atxorrotx elkarteko bazkideen famili argazkia. Ondoren elkartearen logotipo berriaren aurkezpena.

14:30 Herri bazkaria Hotela tabernan. Bazkalostean, tonbola, bertsoak...

17:00 Gaztelu puzgarriak plaza

19:00 Jon Gurrutxagaren kontzertu akustikoa Inkernu taberna kanpoan

20:00 Leire eta Eneritzekin erromeria Inkernu taberna kanpoan. Ondoren, Ziza zozketa mundiala

23:00 DJ Makala Inkernu tabernan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak