'Udaberria osatuz' ikuskizuna Zaldibarren

Imanol Beloki 2015ko mai. 8a, 10:00

Norbera osatzeko ekitaldia izango da gaur, egubakoitza, 19:00etan, Eskoriatzako Zaldibar antzokian. Hainbat arte batuko dituen ikuskizunaz gozatu nahi duenak bost euro ordaindu beharko du sarrerarengatik. Udaberriaren kontzientzia hartzeko eta horren gaineko gogoeta egiteko, kantua, kontua, musika, dantza, poesia… izango da ikusgai herritarren eskutik.

Osatuz elkarteak osasuna eta kultura sustatzea ditu helburu, oreka eta harmonia bilatuz pertsona osatzeko. Marijo Pagaldai antolatzaileak hauxe dio: "Geure buruarekin, beste batzuekin, herriarekin, naturarekin... norbera osatu eta gogoeta egiteko balioko du arte ezberdinez beteta egongo den ikuskizunak".

Horretarako musika eskolan entseatzeko batzen diren bederatzi pertsonako taldeak hainbat kanta abestuko ditu. Beste lagun talde batek musika garaikidea lagun izanda dantza saioa eskainiko du. Olerkia ere izango da Jaime Pagaldairen eskutik, eta agertokian  Marivi Zurututzaren laguntza izango du horretarako. Geografia eta Historian lizentziaduna den irakasle Carlos Malagon, berriz, Madrildik etorriko da gizakiaren eboluzioaz hitz egitera. Artearen, ingurumenaren eta zientziaren ikuspegitik. Ekintza horiez guztiez gain, hainbat sorpresa izango direla adierazi dute antolatzaileek.

Bestalde, zapatuan 10:30ean hitzaldia eskainiko du gaurko ikuskizunean izango den Carlos Malagonek Ibarraundi museoan. Hala, gaurko ikuskizunera gerturatu ezin duenak Nor gara eta nondik gatoz? hitzaldia entzun ahal izango du zapatuan.

Udaberria gogoetagai  

Oraingoan, udaberriaren hausnarketa egingo da, urtaro horrek osasunean zein eragin dituen landuta. "Horretarako, arte ezberdinak erakutsi nahi dituenari gonbita egin diogu, eta herritarrei ere gonbidapena egiten diegu ikuskizunaz disfrutatzera bertaratzeko".

Isabel Guridi gogoratuz

Eskoriatzako historia berreskuratzen bizitza osoa eman zuen  Eskoriatzako Isabel Guridi pertsona esanguratsuaren omenez egingo da ikuskizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak