09:00etan goizerezia egingo dute txistulariek, herritarrak esnatzeko, eta 09:30ean Atxorrotxera igotzen hasiko dira. 11:00etan meza izango da Atxorrotxeko Gurutze Santuaren ermitan, eta, ohiturak dioen moduan, ekaitzak uxatzeko, kanpaiak joko dituzte bertaratzen direnek goiz osoan zehar. Meza amaitzean, bailara osoa bedeinkatuko dute; Atxorrotxeko haitz puntan otoitz txiki bat egingo du apaizak eta ur bedeinkatua botako du lau haizetara. Ondoren, mokadutxo bat jan eta zerbait edateko aukera izango da bertan jarriko duten tabernan.
Musikarekin eta lagunekin goiza mendian pasa ondoren, arratsaldean festak herriko plazan jarraituko du. 18:00etan, herritarrek etxean egindako tortillak salduko dituzte. Hala, antolatzaileek etxean egindako tortillak plazara eroatera animatu nahi dituzte herritarrak. Izan ere, Atxorrotxen goizean egongo den tabernan eta plazako tortillekin batutako dirua Eskoriatzako Atxorrotx gobernuz kanpoko erakundearendako eta Atsegi taldearentzako izango da.
Herritarrek tortilla-pintxoak jaten dituzten bitartean, erromeriak girotuko du plaza. Jainaga eta Narbaiza trikitilaria eta pandero-jolea izango dira musikaz girotzen, eta dantzarako tartea izango da.
Kasualitatez, Gurutze Santuaren egunean
Ohiturari jarraituz, Atxorrotx eguna Gurutze Santuaren egunean ospatzen zen lehen, maiatzaren 3an. Gaur egun, maiatzeko lehen domekan ospatzen da, eta aurten, ohiturak dioen eta lehen ospatzen zen egunean izango da ospakizuna; maiatzaren 3an, alegia.
EAJkoak ere Atxorrotxen
Eskoriatzako EAJko alderdikide eta hautagaiek ekitaldia antolatu dute domekarako. Bailarako herritarrei gonbidapena egin diete alderdikoek.
10:00etan Eskoriatzako batzokian elkartuko dira, eta 11:00etan Atxorrotxera igotzen hasiko dira. Gero, goiza median igaro ondoren, jaitsi, eta 13:00etan salda eta txistorra izango da batzokian.