Alkategaiak ezagutzen

Jose Luis Cantero: "Inor ez dago soberan; guztiontzako lekua dago, eta gehiago"

Marijo Deogracias 2015ko api. 16a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Bigarrenez aurkeztuko da sozialisten zerrendaburu Jose Luis Cantero (Donostia, 1964) Eskoriatzan. Trantsizioak politizatu zuela dio, 1986tik alderdi sozialistako afiliatua den abokatuak. Zumarragatik Eskoriatzarako bidean Deskargako errepide berriarekin gozatzen duen gidarietako bat dela aitortu digu.

Berriro hautagai… hain gustuko duzu udal politika?

Egia esateko oso giro onean joan da legegintzaldia eta horrek ere laguntzen du atzera zerrendara gehitzeko. Azken baten, maila pertsonalean ez daukagu arazorik batzuk besteekin; gehiago esango dizut, legegintzaldiaren hasieran aurreko eta oraingo udal ordezkariekin bazkaria egin genuen Apotzagan eta gauza oso ederra izan zen.

Esango nuke tentsio handiko plenorik ere ez dugula izan! Ez behintzat Urretxun egon nintzeneko sasoian izaten zen bezala. Baina hura beste sasoi bat zen, beste testuinguru bat.

Aurten, lehenengoz, udaletxerako hautagai guzti-guztiak egoera bertsuan aurkezten zarete.

Bai, niri dagokidanez bizkarzain barik eta, ezker abertzaleari dagokionez, legez kanpo geratzeko mehatxu barik. Hala ere, Urretxun zinegotzi nintzenean ere, egoera latz haiek bizi izan genituenean ere, ez dut nik neuk gogoratzen inolako arazorik bizi izatea gainerako herritarrekin, antipodetan dauden iritzi politikoak izan arren. Maila pertsonalean ez dut inoiz arazorik izan.

Esperientzia positibo horrek animatu zaitu errepikatzera, beraz?

Elkarrekin egin genitzakeen gauzak egon badirela sinetsita nago. Alderdi guztiek daukagu denon beharra, batzuk udalean, besteek batzar nagusietan edo legebiltzarrean, konpondu beharra daukagu. Inor ez dago soberan. Azkenean jendeak esaten duena izango da; lekua egongo da guztiontzako, eta gehiago.

Baina politikarako zaletasuna nondik datorkizu zaletasuna?

Trantsiziotik datorkidala uste dut, trantsizioagatik beragatik nagoela politizatuta. Alderdi sozialistan 1986tik nago eta bai, harrezkero euri asko bota du! 80ko urtean hasi nituen zuzenbide ikasketak; konstituzioa 1978an egin zen, EAEko autonomia estatutua 1979koa da… Dena zegoen egiteko eta denak harrapatu gintuen parean. Aitortzen dut, dena den, beti gustatu izan zaidala politika, Urretxurarte hauteskundeetara aurkeztu ez nintzen arren.

Aholku emaile ala hartzaile?

Beti datoz ondo aholkuak; gainera alderdian beti egoten dira zalapartak. Gurean ez dago bat agintzen eta gainerakoak itsu-itsuan obeditzen; are, hainbat alderdi batera legez aritzen garela esango nuke!

Zer duzu gustuko zure denbora librean?

Irakurtzea eta batez ere musika entzutea! Musika oso garrantzitsua da niretzako, lanean ere musika klasikoa jarrita izaten dut, fondoan, baxu-baxu; kontzentratzen ere laguntzen dit.

Kotxean ere bai?

Bai, beti; tertulia politikoak jada ez ditut entzuten. Errepikatu egiten dira, aldez aurretik jakiten duzu zer duen bakoitzak esateko. Ekarpen gutxi egiten dituzte era horretako tertuliek.

Genero indarkeria kasuak eramaten dituzu abokatu legez. Udal politikagintzatik badago genero indarkeriaren kontra egiterik?

Bai, jakina. Eskoriatzan, esaterako, aho batez onartu berri dugu genero indarkeriaren kontrako protokolo bat eta oso herri gutxitan dago horrelakorik.

Hautagaiak, baina, zerrendaburuak, gizonezkoak guztiak!

Politika gizartearen isla da horretan ere. Poliki-poliki urratsak ari dira ematen, arlo guztietan egon daitezen emakumeak eta gizonak, baina hala ere, emakumeek ere parte har dezaten animatu beharra dago oraindik.

Dena den, bai gizonen zein emakumeena izan, politika izen ona galduta dabilela esango nuke. Politikoa aldez aurretik kondenaturik dago, izan gizon ala emakume! Jakina, horren errurik handiena alderdiek eurek daukate; boterea izan duten alderdi guztietan daude iruzur kasuak. Eta, horri epaitegien geldotasuna gehitu behar zaio; zigortuta eta kartzelan oso jende gutxi dago! Begira Urdangarin bera ere, Zumarragako mutila.

Zuzenbide penala ikasi zenuela-eta, espetxeek birgizarteratzeko balio dute?

Ez, ez dute birgizarteratzeko balio; horregatik daude neurri alternatiboak. Gehiago sinesten dut komunitatearen aldeko lanak egitera behartzen zaituten zigorretan, edo zirkulazio delituen kasuan, kontzientziazio zuzena praktikatzeko aukera ematen duten neurrietan, adibidez, tetrapejikoak zaintzeko zentroetara bisitak egine, errepidean modu txarrek eragin ditzaketen triskantzak aurrez aurre ikusteko.

Baina dirudienez, kontrako norabidean goaz, zigorrak gogortzeko neurriak besterik ez dira hartzen. Bizitza osorako espetxera zigortzen zaituen legearen guztiz kontra nago; ze, gainera, urte mordoa barruan egin ostean ateratzen den pertsona horrekin arazoa areagotzen zaigu gizarteari, aldez aurretik lagundu ez badiogu, nola nahi dugu gizartera egokitzea? Bide batez, Mozal Legea deitu duten horren guztiz kontra nago. Ulergarria da krisialdian protestak gehitzea gizartean; soluzioa ezin daiteke izan zigorrak gogortzea. Egoera honek politika sozial eta ekonomiko justuagoak eskatzen ditu. Ezin dena da protesta egitea zigortzea.

Sare sozialetan aritzen zara? Gustuko dituzu?

Ibiltzen naiz, Twitter, Facebook eta Linkedinen aritzen naiz; Twitterren informazioa jarraitzeko, Facebooken gauzak elkarbanatzeko eta Linkidenin gai profesionalak jarraitzeko. Change.org-eko sinadura bilketetan ere oso aktibo aritzen naiz eta lankideei berehala berbidaltzen diet, guztiz onartezinak diren auzi asko egoten baitira egunero.

Whatsapp ere erabiltzen duzu?

Orain dela gutxi deskubritu dut eta oso erabilgarria, oso praktikoa, iruditu zait. Gailu teknologikoetan gutxien gustatzen zaidana liburu elektronikoa da, paperezko liburuen xarmarik ez daukate.

Eta egunkariak non, paperean ala digitalean?

Paperean goizero, gosaltzen dudan lekuan, irakurtzen ditut egunkariak; ez ditut erosten, kafea ordaintzen dut. Eta gero digitalean nazional pare bat, El PaisInfoLibre… horiek biak gutxienez.

Euskaraz moldatzen zara?

Banabil ikasten. Gaztelaniadun elebakarra naiz sortzetik, nire familia urrutikoa da. Gogoan daukat frankismoan euskara ikasten egon nintzela, baina orduan ez zuen notarako balio. Ulertu egiten dut, baina plenoetan oraindik itzultzailearekin gehiago fidatzen naiz nire ezagutzarekin baino. Erabiltzen hasteko urratsa egitera ez naiz ausartzen eta, zoritxarrez, badakit, ez naizela bakarra. Epaitegietan oso agerikoa da hori; etortzen direnen %90 euskal hiztuna dela esango nuke, baina gehienek gaztelaniara jotzen dute, ez dute itzultzaile zerbitzua eskatzen.

Zu ere eguraldiaren telebista saioen zale zara?

Bai, jakina. Asteburuko planak egiteko ezinbestekoa da! Nekazaritza turismozalea naiz, Orreaga, Lekunberriko ruta berdeak… deskonektatzeko primeran dator. Oso urruti joan barik, leku zoragarriak daude nekazaritza-turismoa egiteko eta behin han zaudela bizikletan osteratxoa egiteko.

Egia esateko bizikletaren erabilera, egunerokoan, sustatzeko zerbait egin beharko genuke, garraiobide gisa erabiltzeko, alegia. Baina hain gaude autora lotuta…

Zure kasuan egunero…

Bai, baina azkenaldian Zumarragatik Donostiara trenez joaten naiz, epaitegira noanean. Oso erosoa da!

Eta, Deskargako errepide berria? Zumarragatik Eskoriatzara autoz etortzen zara.

Bai, jakina, baina jada ez naiz Deskargatik joaten! Errepide berritik joaten naiz, itzel dago; errepideko zulo-konpoezinik gabe!

Ea ba, busti zaitez: 2007an 254 boto; 2011n 226 boto… 2015ean?

Eskoriatzan alderdi sozialistak beti izan du ordezkaritza, batzuetan bi zinegotzi beste batzuetan bakarra; beraz, ondo legoke atzera ere bi ordezkari lortzea; lan ona egin dugula uste dut!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak