Azpimarratzekoa da ze pasiorekin egiten zuen dena, batez ere euskal kultura eta mitologiarekin zerikusia zeukan guztia. Hari esker, galtzear zeuden hainbat ohitura berreskuratu dira: Urdelardero eguna, eskean irteteko abestia, kukumarroak eta herriko ondarea mantendu da; Ibarraundi, Zubiate, Elorreta... Integrazioaren alde ere lan egin zuen, eta horra hor, oraindik bizirik, hark sortutako museo eskola.
Bestalde, irakasle ere ibili zen, Jose Arana ikastolan eta Luis Ezeiza ikastetxean. Baina haren pasioa memoria etnografikoa mantentzea izan zen.
Ukituz eta jolastuz ikasten
Museoko langile Saioa Altzuaren esanetan: "Aipatzekoa da museo kontzeptuari eman zion ukitua berrikuntza pedagogiko ugari sartuz; ukituz eta jolastuz, ikastea zen haren leloa. Isabelek zekiena transmitituz eta edozein adinetako entzuleari gozaraziz pasa zuen bere bizitzaren zati handi bat".