Aurreko edizioetan azaroan antolatzen zen lehiaketa hori, baina aurten apirilera aldatzea pentsatu dute antolatzaileek: "Aurtengoan, udaberrira pasatu dugu, eguraldi hobea izango dugulakoan, baina nork daki, gure klima tropikal honekin...".
Apirilaren 18an, 09:30ean, Zaldibar antzokian hasiko da lehiaketa. Gaia, objektua eta oinarriak banatuko dizkiete parte hartzaileei, eta 19:00ak harte izango dute film laburra grabatu eta muntatzeko. Film laburrek lau minutu iraun beharko dute, gehienez, eta euskararen presentzia derrigorrezkoa izango da. Talde bakoitzak bere ekipoa eroan beharko du grabaketarako eta edizio lanak egiteko. Antolakuntzak, berriz, argindarra, Interneterako konexioa eta ediziorako mahaiak jarriko ditu Zaldibarren.
Lanen entregen ondoren, 20:00etan luntxa izango da, epaimahaiak lanak ikusi eta baloratzen dituen bitartean, eta 22:00etan lanen proiekzioak izango dira. Lan guztiak ikusi ondoren, sari banaketa egongo da: lehen saria 300 eurokoa, bi aipamen berezi eta publikoaren saria. Izena eman nahi duenak www.eingeinke.org webgunearen bidez egin ahal izango du eta antolatzaileekin harremanetan jarri nahi duenak info@eingeinke.org webgune bidez egin ahal izango du.