Bi egun lehenago, aldiz, berezitasun moduan, Postaka izango da. Motorrak berotzen hasteko eta Korrika badatorrela jakinarazteko, Eskoriatzako Ixotu Euskarak eta gaztelekuko Gazte Taldeak herriko beste eragile batzuekin batera antolatutako ekimena izango da. Eskoriatzako euskaran korrika esan nahi du postaka-k, eta izen horrekin bataiatu dute eguna. Herri osoan korrika egin go dute, 18:00etan Intxaurtxuetatik hasita. Gero, bertsoak, kantu saioa, musika emanaldia, pintxo-potea… egongo dira plazan.
Korrika Txikia
Eskoriatzako ikastetxeetako haurrek, berriz, Korrika Txikia egingo dute martxoaren 23an. 10:30ean hasiko dira 4-5 urtekoak eliza paretik, eta Santa Marina plaza pareraino eramango dute testigua. Handik plazaraino 2-3 urtekoek eramango dute. Han, irakasleek testigua hartu eta zaharren egoitzaraino eramango dute.
Bertan, nagusien txanda izango da eta 6. mailakoak zaharren egoitzatik erdiko geltokiraino joango dira. Gero, 5. mailakoak Sorautz baserri pareraino. Han, 4. mailakoak Martin fruta dendaraino, 3. mailakoak Dorleta auzoraino, 2. mailakoak elizaraino eta 1. mailakoek bukatuko dute, testigua herriko plazaraino eramanda. Plazan denak elkartzean mezua irakurriko dute eta bertsoak abestuko dituzte. Plazaren apainketarekin amaituko dute goiza.
Bi kilometro, hamaika eragile
Korrika Eskoriatzara heltzean, Aretxabaletako Lanbide Eskolak Arizmendi Ikastolari pasako dio testigua. Bueltan, berriz, Fagorrek Aretxabaletako UDAri. Bi kilometro egingo dituzte Eskoriatzan, eta hamaika eragilek eramango dute testigua.