Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Oraingo zinegotzi Jose Luis Cantero izango da PSE-EEren Eskoriatzako alkategaia

Mirari Altube Arrese 2015ko ots. 26a, 09:46

Jose Luis Cantero sozialista.

Azken lau urteotan Alderdi Sozialistaren zinegotzi den Jose Luis Cantero izango da datozen Udal hauteskundeetan ere alkategaia. 51 urte ditu eta Urretxukoa da. Abokatua da eta genero indarkerian, inmigrazioan eta zuzenbide penalean dago espezializatua. "Gogotsu" dago lanean jarraitzeko eta atez ateko hondakin bilketa sistema "kentzeko" konpromisoa hartu du.

Datozen lau urteotan aldaketa behar dela Udaleko gobernu taldean adierazi du Canterok. Haren ustez Bilduren Udal gobernuak kudeatu du gehiengoaren beharrak "kontuan hartu gabe" eta "iluntasunean". Zera azaldu du: "Partidak ezkutatu dituzte aurrekontuan eta gero kreditu aldaketen bidez sartu; diru publikoa erabili dute, guztion dirua, atez atekoa ordaintzeko". Gainera, Bilduko zinegotzien soldata igoera kritikatu du, "gehiegizkoa" haren esanetan: "Partida sozial batzuk izoztu egin direnean eta beste batzuk murriztu".

Garbi dauka Bilduk herritarren konfiantzari "huts" egin diola, eta dio eskoriatzarren arazo errealak konpontzeko aukera paregabea "alferrik galdu" dela hark egindako kudeaketaren "eraginkortasun ezagatik".

Atez atekoa kentzeko konpromisoa

Canterok jakinarazi du atez ateko hondakin bilketa sistema kentzeko konpromisoa hartuko duela, eta horren ordez bosgarren edukiontzia jarriko duela datorren agintaldian. "Atez atekoa ez da hondakinak jasotzeko sistema bat, helburu politiko bat baizik. Eskoriatzako gehiengoaren aurka ezarri da eta gainera, herritarrek ordainduko dute tasa bidez, gastu hori Udalaren diru-kutxak ezin duelako ordaindu". Hala, Eskoriatza Garbia plataformari babes osoa eskaini dio eta baita herritarrei ere: "Bilduren inposaketari aurre egiten dabiltzalako, horrek beste aldera begiratzen duen bitartean".

Bestetik, beharrezkoak ez diren gastuak "murriztu" gura ditu Udalean, alkatearen soldata "igoerak", eta batez ere, lanean jarraituko duela dio datorren agintaldian kudeaketa "plurala eta eztabaidatua" izan dadin.

Alderdi Sozialista gobernuan dagoen erakundeetan garatutako eredua balioan jarri gura izan du Canterok: "Sozialistok beti egin dugu kudeaketa ona, zorrotza, garbia eta akatsik gabekoa". Zentzu horretan Gipuzkoako hainbat herritako alkate sozialisten legatua aldarrikatu du: "Donostian, Irunen, Eibarren, Errenterian, Pasaian, Andoainen, Zumarragan… egindako kudeaketa aintzat hartzen dute guztiek. Sozialistok oso harro gaude herentzia horrekin".

Hala bada, Udal kudeaketa oinarritu gura du "elkarrizketan" eta "pluraltasunari zor zaion errespetuan" Bilduren "inposaketa ereduaren" ordez, eta horretarako konpromiso "tinkoa" hartu du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak