Munduko txapeldunak badu txapelik?
Ez, txapelak gurean bakarrik ematen dituzte. Alemanian domina bat eman didate, ardo botila bat eta txakurrendako pentsu zaku bat, ez da sari gehiago egon. Sari handiagoa da, zalantza barik, txapelketa bera irabazi izana.
Eta txakurrendako sari berezirik?
Txakurrak urte osoan zehar saritu behar dira, ondo zaindu, ondoren 3-4 egunetako lasterketak iristen direnean norberak eskatzen diena emateko gertu egon daitezen. Baina ez, txakurrek jabeak moduan 15 orduko bidaia izan zuten furgonetan.
Hamaika txakur eraman zenituen Alemaniara, dituzun guztiak. Sei txakurrekin lehiatu zinen, eta guztien artean Ipar izeneko txakurra da liderra. Zergatik da berezia?
Jabearen ardura da guztien artean lider zein izan daitekeen antzematea. Bost urte dituen txakurra da Ipar, esperientzia handia duena eta konfiantza ematen didana.
Hiru etapa izan zenituzten munduko txapelketan. Lehenengoan hirugarren amaitu zenuen, eta azken orduko aldaketak medio ez zenuen aurreikusten horren ondo amaitzerik.
Ez nuen espero ez. 42 kilometroko hiru etapa izan behar ziren, baina lehenengoan aldaketak izan ziren epaileek halaxe aginduta, tenperatura altuegiak zeudelako [14 gradu eta elurra egoera txarrean]. Hala, zirkuituari bi itzuli eman beharrean bakarra eman genion. Normalean nire txakurrak 25. kilometrotik aurrera hasten dira onena ematen, ibilbide laburretan ez dira ondoen moldatzen direnak, eta erabaki hark ez zigun mesederik egin. Baina lehenengoak hamabi segundoko tartea baino ez zuen lortu, eta bigarrenak zortzi segundokoa, eta hor hasi ginen baikorrak izaten.
Lider ona duzu, baina bigarren etapan faenaren bat egin zizun Iparrek...
Bai, bigarren egunean 5-6 minutu galdu genituen zirkuituari lehenengo itzulia eman ostean txakurrak autora joatea gura zuelako. Eta hala ere lehenengo sailkatu ginen, segundo batzuetako aldeaz. Hala, sailkapenean aurrera egin nuen, baina gainean nituen kontrarioak. Hala ere, pozik amaitu genuen eguna, susto txiki horiek izanda ere aurrean ginelako sailkapenean.
Eta domekako etapa bikain joan zen.
Bai, ordurako Iparrek bazekien zirkuituari bi itzuli egin behar genizkiola eta tarte horretan hamar segundo baino ez genituen galdu. Hala, bigarrena 6-7 minutura helmugaratu zen, eta hirugarrena 12 minutura [Rudolf Chlad txekiarra sailkatu da bigarren eta Karl Habermann alemaniarra hirugarren]. Gainera, lasterketan zehar nire txakurrek aurrean doan kontrarioa geroago eta gertuago ikusten badute hazi egiten dira, eta dena ematen dute. Halaxe gertatu zen, eta amaitzeko modu ederra izan zen.
Armendaritz –erdian– podiumeko lehen postuan.
Munduko txapeldun! Titulua bera ponpoxoa da, baina badakit urtean zehar izaten dituzuela lasterketa gogorragoak, lehen egiten zen Pirena [2013tik ez dute egin] esaterako.
Bai, badira txapelketa gogorragoak, eta izen handikoak, gainera. Baina, munduko txapelketa munduko txapelketa da. Berez munduko onena zara, nahiz eta hori ez den erabat erreala, egongo delako norbait hobea txapelketara joan ez dena. Baina bertan lehiatzeko, esaterako, Espainiako Txapelketan podiumean egon behar duzu. Hau da, onenak batzen dira bertan.
Babesleei begira, bultzada ekar dezake honek?
Ea egia den... Egia esan, lehenengo nik sinistu behar dut zer lortu dudan, oraindik ez naizelako egindakoaz oso ondo jabetu. Eta ondoren, ikusi egin behar... Aurten oso laguntza gutxi jaso dut, Lukuko Udalak bidaia ordaindu dit, eta Euskal Herriko Negu Kiroletako Federazioak mila euro eman dizkit. Horrekin batera, Akana etxeak urteak daramatza txakurrendako pentsua ematen; ez dago besterik, eta urtean zehar gastu mordoa egoten da. Ea orain munduko txapeldun naizen honetan zerbait lortzen dugun. Hori bai, laguntza ekonomikoa izan barik, etxekoen eta lagunen animoek balio handia dute.
Hamaika txakurren mantenuaz batera, entrenatzera kanpora joan behar izaten duzu, eta baita txapelketetan parte hartzera ere.
Pentsa, bi urte barru Munduko Txapelketa Kanadan izango da. Bada, niretako ezinezkoa da bertara joan ahal izatea. Han behar den moduan lehiatzeko bi hilabeteko egonaldia egin beharko genuke, txakurrak ondo moldatzeko hango kondizioetara. Bada, hegaldiko kostuak bakarrik 12.000 eurokoak dira.
Eta hori da orain duzun ametsa? Kanadako lasterketa horretara joan ahal izatea?
Beno, edozein lasterketa da ametsa, denetan parte hartzea gustatzen zaidalako. Oraingo asteburuan, esaterako, Linzan jokatuko dugu Euskadiko Txapelketa, eta hori ere ametsa da. Txapelketa batzuk izen handikoak dira, beste batzuk txikiagoak izaten dira, baina denetan irteten gara irabazteko asmoaz.
Kontrario Alemanek, suediarrek, danimarkarrek... Esango dute, euskaldun bat Munduko Txapeldun! Han ez dago, baina, txakurrekin entrenatzeko behar beste elur...
Egia da nik egiten ditudan distantziak entrenatzeko zailtasunak izaten ditugula, penintsulan ez daudelako 40-60 kilometroko pista elurtuak. Horregatik joan behar izaten dugu Alpetara ala Eskandinaviara. Eta horrek dezente garestitzen du dena, noski.
Hala ere, nahiz eta elurrik ez egon Arabako parajeak aproposak dira txakurrekin entrenatu ahal izateko.
Bai, Debagoienean dugun orografiak ez du askorik laguntzen, lautadan ibili behar izaten dugulako. Eta gainera, ezinezkoa da han lursail bat prezio onean topatzea. Horregatik etorri nintzen Lukura bizitzera, hemen etxea eta txakurtegia, dena dut batera. Hala, etxetik bertatik hasten ditugu entrenamenduak.
Akaso, aurrerantzean lasterketetan presio handiagoa izango duzu, munduko txapeldun izanda...
Ez pentsa, ez dauka zertan, lasai asko gera naiteke azkena sailkapenean. Lehen esandako moduan Linzan hitzordua dugu asteburuan, baina hura zazpi kilometrotako lasterketa izango da, ez da gure distantzia. Ondoren etorriko dira Euskal Herriko Txapelketa eta Espainiakoa. Euskal Herrikoa gure herrikoa da, eta ondo ibili gura izaten dut hor, eta Espainiakoa [Martxoaren 7an eta 8an, Baqueiran] ere serio hartu beharko dut, datorren urtera begira nazioartean lehiatu ahal izateko Espainiakoan lan ona egin behar delako.