"Egueneko Guggenheimeko kontzertua espeziala izan zen. Euskalgintzarentzako nahiko arrotza den toki baten Gosariak aurkeztea konkista txiki bat izan zela esan genezake; eta horrela sentitu genuen guztiok. Lehenengo aldi gehienetan moduan, ez zen onena izan; baina berezienetakoen artean gogoratuko duguna, seguru. Oso giro polita sortu zen", dio Ines Osinagak, aurreko astean Korrika Kulturala zabaldu zuen Gosariak emanaldiaz galdetuta.
Zapatuan, Eskoriatzako Zaldibar aretoan
Eskoriatzako Zaldibar aretoan egingo dute bigarrena, etzi, zapatua, 23:00etan. "Eskoriatzan jotzea, guretako, etxean jotzea da. Aspaldiko lagunak ditugu Atxorrotx Kultura Elkartekoak; esango nuke aurreko disko guztiak aurkeztu izan ditugula Inkernu tabernan. Etzi, eleganteago jantziko gara, antzoki estreinatu berrira gonbidatu gaituzte-eta; baina ez dezala inork dudatan jarri gu ere dantzarako gogoaz joango garela", gaineratu du Arrasateko abeslariak.
2011 ezkero Korrika Lagun
Korrikari herritarrek ematen diotena eskertzeko modu bat da Korrika Kulturala egitaraua. Orain dela lau urte, arrasatearrek Euskalakari kantua egin zutenetik, bidelagun dira Korrika eta Gose. Oso harro daudela diote, Korrika Lagun direlako; eta oso gustura daudela, Gosariak Korrikarekin bat jendaurrean erakutsi behar dutelako.
Etzikoaz gainera, beste sei emanaldi egingo dituzte: Intxaurrondon; Hendaian, Gasteizen, Igorren eta Iruñean, hurrenez hurren. Emanaldi bakoitzak bere berezitasunak izango dituela dio: "Ez da gauza bera Hego Euskal Herrian edo Iparraldean jotzea; eta ezta hiri baten edo herri baten jotzea ere. Taularen gainean dagoenaren ardura da aurrean duen horretara moldatzea. Saiatuko gara horretan ere".