Inauguratu dute Zaldibar antzokia

Mirari Altube Arrese 2015ko urt. 23a, 14:55

Zabaldu dituzte Zaldibar antzokiaren ateak Eskoriatzan. Gaur eguerdian egin diote ongietorria kulturaren topaleku berriari. ARGAZKIAK

Eguerdiko ordubatean elkartu dira Udal ordezkariak eta gainerako politikariak. Batetik herrikoak: Udal gobernuko kideak, Beñat Herce alkatea buru dela; oposiziokoak; eta herriko eragileak: auzo alkateak, erretiratuak, Atxorrotx kultur elkarteko ordezkariak… Eta bestetik, kanpotik etorritakoak, horien artean Aldundiko kultura diputatu Ikerne Badiola eta inguruko hainbat udaletako ordezkariak.

Herriko dantzariek agurra dantzatu eta halakoetan ohikoa den zinta mozketak ofizial egin du inauguratzea. Ondoren alkateak ongi-etorria egin dio kulturari eskainitako areto berriari eta eskerrak eman hura errealitate bihurtzeko lanean jardundakoei. Santa Ana auzoan dagoen eraikina, baina, ez da berria, XVI. mendekoa baizik. Eta horren historia jaso dute dokumental batean. Irudiekin, argazkiekin eta herritarren bizipenekin osatu dute ikus-entzunezko hori eta eguerdian eman lehenengoz.

Behin ekitaldi ofiziala eginda, herritarrendako bisita gidatuak antolatu dituzte arratsalderako: 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. Alkateak harrera egin, dokumentala ikusi eta aretoa ezagutzeko bisitak izango dira.

Hemendik aurrera kultura izango da protagonista areto berrian eta Kultur Mahaiak egitarau dotorea osatu du datozen egunetarako.

Bai Beñat Herce alkateak, bai Ikerne Badiola kultura diputatuak kulturarako topalekuaren garrantzia azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak