Parez pare zabalduko ditu ateak gaur Zaldibar antzokiak

Mirari Altube Arrese 2015eko urtarrilaren 23a

Errore bat gertatu da bideoa igotzeko orduan. Saiatu berriro edo jarri gurekin harremanetan.

Zaldibar antzokiaren ateak zabaldu eta ongi-etorria egingo diote eskoriatzarrek kulturaren topaleku berriari. Udal ordezkariek bisitatuko dute lehenengo, eguerdian, eta arratsaldean, gainerako herritarrek.

Ekitaldi ofiziala 13:00etan izango da. Udal gobernuko kideak izango dira bertan, Beñat Herce alkatea buru dela, eta oposizioko kideak eta beste hainbat eragile ere gonbidatuta daude. Baita Aldundiko Kultura Saileko ordezkariak ere. Zinta mozketak ofizial egingo du inauguratzea, eta alkatearen ongi-etorri berbak entzun ondoren, eraikinaren gainean egindako dokumentala ikusiko dute: Zaldibar antzokia. Eraikinaren historia jaso dute ikus-entzunezko horretan, 1578an eraiki zenetik gaur arteko historia. Irudiak eta argazkiak erabili dituzte eta osatu dute hori eskoriatzarren bizipenak jasota: "Mojen eskolan ibilitakoen bizipenak, zinema izan zenean lanean jardundakoenak eta gaztetxeko kontuak jaso dira", jakinarazi du Arantza Unzuetak, Kultura teknikariak.

Arratsaldean herritarrendako zabalduko ditu ateak Zaldibarrek, eta hiru bisita gidatu egingo dituzte (liburutegian dauden gonbidapenak behar dira toki arazorik ez izateko): 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. Alkateak egingo diete harrera horiei, eta gero filma emango dute. Bukatzeko, bakoitzak bere kasa ikusi ahal izango du eraikina.

Gose ikusteko sarrerak salgai

Behin ateak zabalik kultura izango da protagonista areto berrian. Bihar, zapatua, Demode Quartet taldeak Epa! ikuskizuna eskainiko du, umorea eta kanta arrakastatsuen a capella bertsioak nahastutako ikuskizun bitxia. Domekan, ostera, pailazoak izango dituzte umeek, baina sarrerak dagoeneko agortuta daude.

Eguenean, Gure Esku Dago lantaldeak antolatuta, Jostunak dokumentala emango dute eta #ehuntzen programa aurkeztu.

Eta hilaren 31n, Gose taldeak Gosariak ikuskizuna eskainiko du. Sarrerak salgai daude (10 euro; Atxorrotxeko bazkideek, 8 euro) honako lekuetan: Eskoriatzan: Inkernu, Azkoagaenea eta Goxotxiki; Arrasaten: Ttukun; Bergaran: Pol Pol; eta Oñatin: Arrano.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak