Santa Ana auzoko Zaldibar antzokiak urtarrilaren 23an irekiko ditu ateak. Inaugurazio ofiziala 13:00etan egingo dute eta udal ordezkariak eta Aldundiko ordezkariak izango dira; Debagoieneko udaletako ordezkariak ere gonbidatu dituzte.
Ekitaldi xumea prestatu dute. Aurreskuarekin emango diote irekiera antzokiari eta, ondoren, eraikinaren historia islatzen duen dokumentala proiektatuko dute, hain zuzen, gaztetxea, mojen komentua, zinema… izan zen garaietako irudiekin.
Arratsaldean berriz, bisita gidatuak egingo dituzte, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan herritarrek antzoki berria nolakoa den ikus dezaten.
Ekintza ugari hilabete osoan
Obrak luze joan diren arren, amaituta dago dagoeneko antzokia eta kultur ekitaldi ugari antolatu dituzte hilabete osorako. Inaugurazio ofiziala egin bezain laster, hurrengo egunean Demode Quartet taldea egongo da taula gainean, 22:30etan. Antzerki ikuskizun honetan, a capella abestutako bertsioak entzungo dira, baina baita pianoz, gitarraz, esku-soinuaz eta kaxoi flamenkoz lagundutakoak ere; koreografia atseginak eta elkarrizketa bitxiak izango dira ikusgai.
Urtarrilaren 25ean berriz, Poxpolo eta konpainia izango da 17:30etan umeentzako. 29an, Gure Esku Dagok egin berri duen Jostunak dokumentala proiektatuko da eta 30ean, 19:00etan musika eskolakoen kontzertua eskainiko dute. Azkenik, hilabeteari amaiera emateko emanaldi bikaina egongo da hileko kartelera ixteko: Gosariak.
'Gosariak' Zaldibar antzokian
Gosariak ikuskizuna urtarrilaren 31an izango da 23:00etan Zaldibar antzokian. Joseba Sarrionaindiak sortutako testuak kanta bilakatu ditu Gose musika taldeak, eta era berean, irudiak sortu dituzte Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikoleak.