Orain arteko taldeak indartzea, ordutegi zabalagoa eskaintzea eta eskaintza berriak martxan jartzea dute erronka Manuel Muñoz kiroldegian. Ekintza berrien artean daude honakoak: body-balance, 60tik gorakoendako gimnasia, hastapen ikastaroak eta Pilates test indibiduala.
Osasun fitness zerbitzua ez da berria. Bertara doazenek aholkuak jasoko dituzte; batetik, ariketa fisikoaren gainekoak, eta bestetik, gimnasioan dauden aparatuen gainekoak. Zerbitzua berria izan ez arren, orain indartu egin gura dute.
Eta prezioa ez dadin aitzakia izan, zenbait jardueren prezioak merkatu egin dituzte. Hiruhilabeteko tarifetan beherapenak egingo dira 2015 urtean eta fitness eta wellness jardueretan bigarren ekintzatik aurrera %50eko deskontua ezarriko da. Gainera, orain arte legez jarduera berri bat probatzeko bi saio debalde izango dituzte herritarrek.
Arauak kirol instalakuntzetarako
Kirol zerbitzuok hobetzeko asmoarekin asebetetze inkesta bidali diete erabiltzaileei, eskainitako zerbitzuak balora ditzaten. Kirol aholkulariak onartu du kiroldegiaren instalakuntzak ez direla berri-berriak eta horregatik zaintzea komeni dela.
Arau orokorren artean daude honakoak: 8 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta joatea; gune bakoitzerako ezarritako adina errespetatzea; takilak erabiltzea aldageletan lekua libre izateko; eta ezin dela bizarrik egin edo depilatu. Horiez gain, fitness gelan eta igerilekuan ere hainbat arau errespetatu behar dira.
Ariketa fisikoa egiteko, gainera, ez dago bakarrik kiroldegia. Ibarraundi museoak eta Joseba Iñurrategi pilotalekuak osatzen dute kirolari dagokion instalakuntza multzoa. Pilotalekua, gainera, dotore estreinatuko dute; izan ere, umeek eta gurasoek, abenduan apaindu egin zuten.