Gabonetako kanpainari azken ukituak ematen

Imanol Beloki 2014ko abe. 15a, 10:00

Axtroki Merkatari Elkarteak Gabonetarako hainbat ekintza prestatu ditu. Ekitaldirik esanguratsuena abenduaren 19an egingo dute. Izan ere, Axtrokiko komertzioek produktuak aterako dituzte plazara, azoka eginda. 18:30etik 20:30era izango da eta tabernek eskaintza bereziak egingo dituzte, animazioa egongo da, harakinek pintxoak prestatuko dituzte…

Gabonetako apaingarriak

Merkatu txikiari bultzada handiagoa emateko, bestalde, urre kolore itxurako alfonbrak jarriko dituzte komertzioetan, komertzioak koloreztatuta herritarrak erakartzeko asmoz. Komertzioen ateetan, berriz, mihura-adar bat jarriko dute, Eguberri ukitua areagotzeko. Baina ekintza esanguratsuena axtroki monetaren aldaketa izango da.

Axtrokiak lortzeko gunea

Urtean zehar egiten den moduan, hilaren 19an ere axtrokiak euroengatik aldatzeko "banku bat" egongo da. Berrikuntzekin datoz, gainera: 50 euroren truke  55 axtroki jasoko ditu moneta aldaketa egiten duenak. 20 euroren truke, berriz, 22 axtroki jasoko ditu.  

Axtroki zozketa

Hemen bizi, hemen erosi lelopean, 1.500 axtroki zozketatuko dituzte herriko merkatariek. 500 axtrokiko bi sari eta 100 axtrokiko bost sari banatuko dituzte, eta sariren bat jasotzen duenak hilabeteko epea izango du Axtroki Merkatari Elkarteko dendetan nahi duena erosteko. Zozketa 2015eko urtarrilaren 5ean izango da, 13:00etan, herriko plazan. Hain zuzen ere, Eskoriatzako 26 dendatan axtrokiak gastatzeko aukera izango du saria jasotzen duenak.

Urtarrilerako plana

2015eko lehen ekintza urtarrilean izango da, Hemen bizi, hemen erosi zozketarekin. Baina nahiz eta eguenean egin zuten bileran erabaki zehatzik ez atera, aldaketa eta berrikuntzak egingo dituzte datorren urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak