Itziar Zubizarreta euskal idazlea eta haur eta gazte literaturan aditua ari da hizlari, eta emandako azken saioa Haur literatura curriculumean kokatzen lelopean izan zen.
Saio praktikoa
Hamabi irakaslek osatutako prestakuntza saioan, hainbat liburu nola landu azaldu zien Itziar Zubizarretak. Orain arte egindako saio praktikoena izan zen, gainera. Irakasle bakoitzak hiru liburu aukeratu, irakurri eta aztertu behar izan zituen. Liburuak nola aurkeztu behar diren, ilustrazioen garrantziaz, umeei jakin-mina pizteaz, eta abarrez hitz egin zuten, besteak beste.
Haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago ekimena eta egitasmo horren helburu nagusia 0 eta 6 urte tarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea da. Bestalde, literatur tradizioaren galerari aurre egiteko, sehaska kantak, esku jolasak… bilduz, haurren irakurzaletasuna sustatzen dute.
Irakasleetatik gurasoetara
Egitasmoaren helburuak eraginkorragoak izateko, gurasoen inplikazioa behar da. Hala, egitasmoaren zati honetan, gutun bat idatzi zaie gurasoei, egitasmoaren inguruko informazioa helarazteko eta bigarren zatian egin nahi dena azaltzeko. Gutunean adierazten den moduan, ikastetxetik abiatu eta liburuak partekatzeko aukera eskaini nahi dute. Hala, haur bakoitza liburu bat hartzera joango da liburutegira motxila txiki batekin, eta han, txoko baten izango dituzte aurrez ikastetxean ikusitako liburuak. Bada, nahi duten liburua aukeratu eta etxera eramango dute. Astebeteko epea izango du haurrak hori irakurtzeko, eta gero, ikasgelan, ikaskideekin partekatuko du. Hurrengo astean beste ikasle batek gauza bera egingo du…
Itziar Zubizarreta. Idazlea
"Eskola, etxea eta biblioteka batu nahi dira"
Idazle ordiziarra (1952). Haur hizkuntzaren inguruan aritu da profesioz eta zaletasunez literaturan.
Zein da egitasmoaren helburua?
Irakurketa ohiturak sortzea da helburu nagusia. Horretarako, tradiziozko pieza batzuk elkartu ditugu, haur liburu klasiko eta kalitatezkoak.
Nola daude gaur egun gazteen irakurketa ohiturak?
Estatistikek diotenez, orain inoiz baino gehiago irakurtzen da. Trantsizio garaian gaude; euskarriak, testuak eta irakurketa mota aldatzen ari dira.
Gurasoak inplikatzen dira?
Gurasoekin ekintzak aurrerago jarriko ditugu martxan, umeei liburutegiko bidea erakusteko…