Irabazi Eskoriatza ekimen soziopolitikoaren proposamena abian

Imanol Beloki 2014ko abe. 4a, 12:00

Ezker Anitza-­IU, Equo eta Alternativa Republicana erakundeek akordioa egin dute herriko ezker alderdien, ekologikoen eta feministen indarrak batzeko. Hala, Irabazi Eskoriatza ekimen soziopolitikoa proposatu dute maiatzeko udal hauteskundeetarako. Ekimenaren aurkezpena martitzenean izango da, 19:00etan, kultur etxean.

Herritarren eskubide sozialen eta lan eskubideen aurkako erasoen aurrean erantzuna emateko eta gizartean eta instituzioetan aldaketa sakona eragiteko sortu da.

Oinarriak eta arauak adostuta

Ekimen sozial eta politiko anitz eta komuna bultzatzea da asmoa, eta gutxieneko oinarriak adostuta daude. Horretarako, arau batzuk bete beharko ditu ekimenak: demokrazia, gardentasuna, parte-hartzea, feminismoa eta aniztasuna. Ekimenak demokratikoki funtzionatuko du eta irekia izango da; beraz, parte hartu nahi dutenek horretarako aukera izango dute. Parte-hartzaileek askatasun osoz antolatu eta zehaztuko dituzte erabakitze ­esparruak, hautagaitzak aukeratzeko modua, hautagaiei exijituko zaizkien bermeak eta beharrezkotzat jotzen dituzten beste alderdi guztiak.

Bestalde, gardentasunez funtzionatuko du Irabazi Eskoriatza ekimenak. Hautetsiek hiritarren kontrola onartzeko konpromisoa hartuko dute, baita kode etiko bat ere, eta hautetsiei kontuak eskatzeko mekanismoak ekimeneko parte-hartzaileek eurek ezarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak