Eskoriatzak 6-2 irabazi dio Kukuyaga Etxebarriri, joko bikaina egindako partiduan

Aratz Kortazar jokalaria, presioa eginez Kukuyagako jokalariari baloia kentzekotan. | imanol soriano

Euskal Liga mailako Eskoriatza  areto futbol taldeak 6 eta 2 garaitu du Kukuyaga Etxebarri taldea partidu gogorra jokatuta. Hala, aurreko astean Scaliburren aurkako norgehiagokan jasotako porrota ahaztuta geratu da.

Partidua hasi bezain laster jarri ziren aurretik Narciso Pavoren mutilak, Aratzek sartutako golari esker. Lehen gola sartuta pixka bat lasaitu egin ziren etxekoak eta garesti ordaindu hori; izan ere, buelta eman zion partiduari aurkariak 1 eta 2 jarrita.

Aurkariak garaipena eskuratzeko gogo biziz etorri ziren eta atezaina jokalari lanetan jarri zuten. Eskoriatzarrek presioa ikusirik, berdin egin zuten. Hala, berdinketa iritsi zen laster (2-2) Asierrek sartutako golari esker, eta lehen zatia amaitu aurretik, 3 eta 2 jarri ziren aurretik, Richardek sartutako golaren ondoren. Hala amaitu zen lehen zatia.

Bigarren zatia, berriz, intentsitate handikoa izan zen. Baina Eskoriatzakoak baloiaren jabetza izan zuten ia zati osoan eta hori erabakigarria izan zen. Jokaldi politak egiten saiatu ziren eta halaxe iritsi ziren hiru golak. Aratzek sartu zuen laugarrena, Romerok bosgarrena, eta seigarrena, Johnnyk. Aurkariek aldiz, ez zuten besterik sartu, eta 6 eta 2ko emaitzarekin, etxean geratu  ziren hiru puntuak.

Garaipen pozgarria

Zapatuan jokatutako partidua irabazi beharra zeukaten Eskoriatzakoek. Izan ere, hilabete gogorra izan da azaroa. Seigarren jardunaldia 3 eta 3 berdindu zuten, zazpigarrena, 0 eta 6 galdu, eta aurreko astean jokatutakoa ere galdu, 2 eta 0. Garaipen horrekin pozik hartuko dute zubiko atsedenaldia Pavoren mutilek.

Hurrengo jardunaldia abenduaren 13an jokatuko dute; etxetik kanpora, gainera, Gora Bilbao taldearen aurka. Abenduko zubia dela-eta jai izango dute hurrengo astean. Beraz, aste honetan indarrak hartu eta irabaztera irtengo dira eskoriatzarrak, bizkaitarren kantxara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.