San Pedro auzoko hirugarren faseko lanei baietza eman dio Eskoriatzako udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2014ko aza. 20a, 18:05

Ezohiko osoko bilkura egin du Eskoriatzako udalbatzak eta beste kontu batzuen artean toponimiaren gaineko behin betiko lana onartu. San Pedro auzoko hirugarren faseari ekitea ere erabaki dute. Bide batez, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta martitzenean egingo diren ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Osoko bilkuraren hasieran 48.000 euro inguru itzuliko dizkiola mankomunitateak Eskoriatzari jakinarazi du alkateak. Era berean esan du beste partida batetik hartuta 10.000 euro erabiliko direla hainbat urbanizatze lan egiteko eta 4.000 euro ohiko gastuetarako.

Kirol aholkularitza eta kudeaketa zerbitzuaren luzapenaren kontua mahai gainean uztea erabaki du Beñat Herce alkateak. Ezker Anitza-IUko eta PSE-EEko zinegotziek eskatu dute orain arte egindako lanaren eta datorren urtera begirako asmoen txosten bat gaiaren gainean erabaki ahal izateko. Horregatik abenduko osoko bilkurarako utzi dute horren luzapenaren erabakia. Eta abenduko osoko bilkurarako geratu dira bi esleipen ere: kaleak garbitzeko zerbitzuarena eta etxerik etxeko laguntza zerbitzuarena.

Toponimiaren gaineko lana onartuta

Bestalde, toponimiaren gaineko lana onartu dute behin betiko. Hainbat iradokizun eta proposamen izan dira lanaren hasierako aurkezpenetik eta horiek aztertu ondoren behin betikoa mahai gainera ekarri eta onartu dute. Herriko kale, auzo, elizate eta tokien izenak zehaztuta daude lan horretan eta batzuek aldaketa txikiak izango dituzte, Atxorrotzek esaterako, hemendik aurrera Atxorrotx izango da-eta. Horien guztien berri emango diete herritarrei eta mapa batean jasotzea da asmoa.

San Pedro auzoko hirugarren fasea

San Pedro auzoan hirugarren faseko lanak egitea ere onartu dute. 300.000 euroko lanak dira eta poliki-poliki batu du diru hori Udalak. Hala, agintaldia bukatu aurretik auzoko hiru faseak eginda izango dira. Oraingoan, San Pedroko hirugarren kalea konponduko dute: barrutik, saneamendu lanak eta hodiak aldatuta; eta kanpotik, espaloia eta asfaltoa konponduko.

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra agertzeko eguna

Mozioa onartu dute gero aho batez azaroaren 25eko eguna gogoan, hau da, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Eta herritarrak gonbidatu dituzte egun horretako ekitaldietan parte hartzera. Tratu txarren gaineko protokoloaren aurrerapena aurkeztuko dute 18:00etan, kultur etxean, eta ostean, elkarretaratzea egin plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak