Euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan antolatutako jaia da, helburu birekin: kontzientziazioa, euskal preso politikoen egoeraren berri eman herritarrei; eta finantziazioa, diruz laguntzea. "Eskoriatzarra da Marixol Iparragirre, eta gero dago haren bikotekidea, Mikel Antza. Baina Debagoieneko preso guztien egoeraren berri ere eman gura dugu", argitu du Miriam Isasmendik, antolatzaileetako batek.
Eskoriatzar guztien parte-hartzea bultzatu gura dute, horregatik ekintza asko eta ezberdinak antolatu dituzte zapaturako, besteak beste, Atxorrotzera igoera; patata tortilla lehiaketa; trikitilariekin kalejira; herri bazkaria; elkarretaratzea; eta kontzertuak. "Egun osoko jaia izango da, eta herritar asko elkartu gura ditugu; horregatik daude kalejira eta herri bazkaria. Iluntzeko elkarretaratzea, ostera, jendetsua izatea gura dugu", dio Isasmendik. Elkarretaratze hori 20:00etan izango da, eta kandelaz osatutako mosaiko erraldoia egingo dute gero argazkia ateratzeko. Gainera, plaza inguruan erakusketa ere jarriko dute egunean bertan, presoen egoeraren berri ematen duten argibideekin.
Herri bazkarirako txartelak
Herri bazkaria, babarrun-jana, Dorleta gastronomi elkartean egingo dute eta txartelak aurrez hartu behar dira. Inkernu eta Aldatz tabernetan dauzkate, 12 euroren truke. Antolatzaileen asmoa da 50en bat lagun elkartzea. Eta Isasmendik herritarrei dei egin die: "Ekitaldi guztietara anima daitezen eskatzen diegu, baita patata tortilla lehiaketara ere. Zenbat eta tortilla gehiago askoz hobeto".