Goizeko 10:00etan hasi zen saioa, eta ekimenean parte hartzera joandakoak talde txikietan banatu ziren, hiru zereginetan jarduteko: herrian egin diren proiektuei edo lanen gaineko balorazioa egin eta partekatu; hobetzeko ikusten direnak zerrendatu eta sailkatu garrantziaren arabera; aurreko ariketetan atera gabeko beste ekarpenen bat egin.
Beñat Herceri saioan ateratako gaien inguruan galdetuta, alkateak zioen orain egin beharreko lana dela saioan aipatu ziren gaiak batzea, bakoitza bere taldeko ikuspegiarekin geratu omen zen-eta soilik atzo. Dena den, parte-hartze saioaren balorazio "oso positiboa" egin du alkateak: "Ikusi da jendeak baduela zer esana eta esateko gogoa, nahikoa pozik daudela egindakoarekin, baina zer hobetu asko dagoela ere bai".
Atzo jasotakoen bilketa eginda, aste pare bat barru erakusketan jarriko dituzte kultura etxean, kiroldegiko saioan izan ez ziren herritarrek ere parte hartu ahal izan dezaten, hala nahi balute. EskoHitza parte-hartze prozesutik ateratako ondorioek kudeaketa planetan, aurrekontuetan... isla izatea dela kontua zioen alkateak.