Eskoriatzako Fagor CNAn hasi dira presio-eltzeak ekoizten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko aza. 7a, 13:51

Fagor CNAko zuzendaritzak baieztatu du dagoeneko hasi direla lanean Eskoriatzako etxetresna txikiko lantegian. Hain zuzen, atzo, eguena, jarri zituzten makinak martxan. Oraingoz 15 langile hasi dira lanean, presio-eltzeak ekoizten. Fagor eta Splendid izenarekin ekoitziko dituzte etxetresnak.

Zuzendaritza pozik dago aurreikusita zegoen epean hasi direlako lanean Eskoriatzan; gainera, esan dute asteon Garagartzan hasiko direla ekoizpenarekin.

Nazioarteko bezeroak

Zuzendaritzak azaldu du presio-eltzeak ekoizteko eskaera handia dutela, batez ere nazioarteko bezeroen aldetik. Alde horretatik, adierazi dute balioan jarri nahi dutela eskoriatzako lantegia; izan ere, Fagor Euskal Herriko eta Espainiako merkatuko liderra izan zen presio-eltzeei dagokienez, %40ko merkatuko kuotarekin. Gainera, mundu mailan erreferente izan da Fagor.

Urrian zehar ekoizpenerako beharrezkoak diren makinak puntuan jartzen ibili dira Eskoriatzako lantegian. Horrez gain, langileak formatzen eta trebatzen ibili direla azaldu du zuzendaritzak prentsa ohar bidez, bai zuzeneko eskulana eta baita zeharkakoa ere. Lehenengo egunetan ekoizpen maila baxuan egin dute lan, prozesu guztiak behar bezala daudela ziurtatzeko. Behin hori eginda, poliki-poliki, produkzioa handitzen joango direla esan dute zuzendaritzatik, lantegiaren ohiko produkzioa mailara iritsi arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak