Olatz Pagaldai: "Gosaria dut gustuko, lasai-lasai jatea: orain gozoa, orain gazia…"

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 15a, 00:00
Olatz Pagaldai aktorea Eskoriatzako plazan.

Aktorea da Olatz Pagaldai (Eskoriatza, 1979) antzerkigintzan dihardu aspalditik eta azken hilabeteotan Erdaldun berrien kluba bakarrizketarekin dabil han eta hemen. Lili eta Lalo ipuin kontaketan ere hartzen du parte hainbat arrasatearrekin.

Olatz Pagaldai zelakoa da?

Lasaia baina urduria, kontraste handikoa.

Zein harreman duzu sukaldearekin?

Jatun ona naiz, baina oso poliki jaten dut, gehiago disfrutatzeko. Eta sukaldean esperimentatzea dut gustuko.

Zein da zure espezialitatea?

Entsaladak, abila naiz horretan.

Zein da eguneko jatordurik onena?

Gosaria, lasai jatea gustatzen zait: orain gozoa, orain gazia: gazta, ahuakatea…

Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?

Bidaiatzera, elkarrekin egoteko denbora hartu eta edonora joatera.

Eta etsai bat zertara?

Ezertara! 

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan esertzea?

Pako Aristirekin, filosofatzen jardungo genuke.

Zergatik aktore?

Arte mundua beti izan dut gustuko, sorkuntza… Arte Ederrak ikasteko asmoa nuen baina ezin sartu geratu nintzen, eta antzerki eskolara jo behar. Deskubrimendua izan zen! Aurreiritziekin joan nintzen eta mundu sakona topatu nuen, baita maitemindu ere. 

Aktore izateak zer eman dizu?

Bizipen mordoa, anekdota mordoa…Herri asko ezagutu ditut, baita jende asko ere.

Eta ezer kendu dizu?

Plan mordoa. Gehienetan gainerakoek jai dutenean nik lan egin behar dut-eta.

Antzerki munduan inor miresten duzu?

Lankide asko. Isilean lan asko egiten duten horiek, egunero borrokan dabiltzanak lan polit bat aurrera ateratzearren.

Eta zer da antzerkigintzan gustuko ez duzuna?

Lausengurako joera: zuzendari batengana jo zure burua ezagutzera emateko… 

Zinera salto egitearekin egin duzu sekula amets?

Ez. Neure intimitatea gorde gura dut, eta pantaila handiak ez du uzten.

Aktore ez bazina, zer?

Lorezaina, sena daukat gainera.

Iratxoek hiru desio eskatzeko aukera eman dizute...

Gura ditudan desio guztiak bete ahal izatea. Eta hala, mundua konponduko nuke; hasteko kolonizazioa eta bere ondorioak kendu eta gero ikusi egin behar.

Zure bizitzako anekdota bat.

Gogoan dut kale antzezlan batean pertsonaia bati maleta mordoa jausi behar zitzaizkiola momentu batean. Ikusle mordoa genituen inguruan eta gu erdian antzezten. Bat-batean yonki bat agertu eta ez zen konturatu antzezlana zela, hortaz, erdian sartu eta laguntzen hasi zitzaigun.

Aktore izateko zer da ezinbestekoa?

Pertsona bizia izatea, aktiboa.

Damu zara…

Ez. Dena ondo ez dut egin, baina onartu eta aurrera. Hala, ikasi egin dut eta gero hobetu.

Zer errepikatuko zenuke?

Ezer ez, egindakoa eginda dago eta ez nuke berriro egingo.

Zerk beldurtzen zaitu?

Denboraldi batzuetan lan asko dugu eta gero hilabetetan lan barik egon gaitezke. Horrek beldurra sortzen du, baina era berean gustuko dut, bizi-bizi mantentzen nauelako.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Telebista jarri eta motorra jaitsi lehenengo, oso aktibo etortzen naiz eta.

Nora egingo zenuke ospa?

Leku askotara. Hemen ingurura, baina kanpora ere bai: Bora Bora, Hawai, Japon, Txina, Mongolia… 

----------

Aukeran...

Lehen platera: Entsalada. 

Bigarrena: Porru patatak. 

Hirugarrena: Arraina. 

Postrea: Fruta. 

Edatekoa: Ur naturala. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak