Elikadura burujabetzaren gainean hausnartzeko zikloa antolatu du Elkarhezitzenek

Mirari Altube Arrese 2014ko urr. 13a, 11:27
Bizilurrek egindako dokumentaleko irudi bat.

Aldatu elikadura/mundua ¿Tu tomate viaja en low cost? izenarekin elikadura burujabetzaren gaineko zikloa egingo dute Ibarraundi museoan. Elkarhezitzen taldeak antolatu du Mugarik Gabe elkartearekin batera "bat egiten dugulako beraien aldarrikapenekin"; eta hainbat dokumental emango dituzte bi eguaztenetan, 19:00etan: urriak 15 eta 29.

"Helburua da hausnarketa bultzatzea", dio Maitane Igartuak, Elkarhezitzen elkarteko kideak: "Nekazaritzaren egoeraren berri eman gura dugu. Eta elikadura burujabetzaren gainean hausnartu,  elikatzeko orduan arduraz jokatzeak ekar ditzakeen aldaketen gainean, esaterako". Tertulia gidatuko duen inor ez da etorriko, baina ikusleen artean solasaldia sortzea interesgarria litzatekeela uste dute antolatzaileek.

Sistema jasangarria

Mugarik Gabe elkartearen esanetan herriek eskubidea dute elikagai nutritiboak, kultura aldetik egokiak, eskuragarriak eta modu jasangarrian eta ekologikoan ekoiztutakoak kontsumitzeko. Gainera, diote lehentasuna eman behar zaiela tokiko ekonomiari eta merkatuei, eta elikagaien ekoizpena eta kontsumoa oinarritu behar dela ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik jasangarria den sistema batean. Horrez gain, diote emakumeek egiten duten lana eta hari lotutako eskubideak aitortu behar zaizkiela.
Hain zuzen gai horiek landuko dituzte dokumentalek: laborantza eta abeltzaintza ereduak; baserritarren mugimenduak; emakume baserritarren egoera eta horiek sortutako elkarteak… Bizilurrek egindako dokumentala ere emango dute Bide berriak: Elikadura burujabetza Euskal Herrian. Kontsumitzen diren elikagaien gaineko galderak botako dituzte, eta agertzen direnen artean dago Eskuernagan bizi den Esti Besa aretxabaletarra.

Egitaraua

Hona Ibarraundi museoan emango dituzten dokumentalak (19:00).

Urriak 15, eguaztena

  • El futuro de nuestra alimentación está en juego (Espainia, 2011, 4 min.)
  • Bide berriak: Elikadura burujabetza Euskal Herrian (Euskal Herria)


Urriak 29, eguaztena

  • Mujeres campesinas andaluzas (Andaluzia, 2011, 13 min.)
  • Tres historias y un vaso de leche (Katalunia, 2007, 26 min.)
  • Campesinas, semillas de cambio (Nikaragua, 2007, 25 min.)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak