Josu Galvez: "Mendi lasterketek gogoko ditudan bi gauza batzea ahalbidetzen didate: mendia eta kirola"

Irati Goitia 2014ko ira. 27a, 00:00
Josu Galvez, Aretxabaletako Felix Iñurrategi parkean.

Gustuko du mendia Josu Galvez 17 urteko eskoriatzarrak, baita kirola egitea ere. Biak batzen ditu mendi lasterketetan. Iaz hasi zen lehiatzen eta dagoeneko lortu ditu lehen garaipenak.

Nondik datorkizu korrika egiteko zaletasuna?

Orain dela urtebete inguru hasi nintzen mendian korrika egiten. Eskoriatzan egiten den Gabez Takarraran lasterketan parte hartu zuten lagun batzuek eta haiek animatu ninduten, orduan hasi nintzen. Asko disfrutatu nuen, eta, nolabait, engantxatu egin ninduen kirolak.

Eta ordutik jardun duzu entrenatzen?

Lehen, futbolean jokatzen nuen. Denboraldi-aurrea ondo gertatzeko helburuarekin neure kabuz egin nuen korrika joan den udan. Gero, urrian bi lasterketa egin nituen, eta orduan erabaki nuen futbola uztea. Gabonetan izan zen hori, eta orduan hasi nintzen serioago entrenatzen mendi lasterketetarako.

Gehiago engantxatzen dute mendi lasterketek futbolak baino?

Esango nuke baietz, aurten badaramatzat jada lasterketa batzuk eginda, zazpi baino gehiago direla uste dut. Lehenengoa Antzuolan egin nuen (Zortzi Miliak). Gero, besteak beste: Azpeitiko Bertikala, Hiru Mendi Trail, Zegama-Aizkorri eta Pirinioetan Crestas del Infierno. Tartean, Euskal Koparako puntuagarriak diren hiru ere egin ditut. Gustatzen zait, bai. Asko disfrutatzen dut mendian. Betidanik gustatu izan zait kirola. Lehen, errepidean egiten nuen korrika. Mendian ere ibiltzen nintzen, baina txakurrarekin edo familiarekin paseatzen.

Denbora laburrean maila ona lortu duzu, Euskal Kopan lider zoaz.

Bai, egia esan, pozik nago. Euskal Kopako hiru lasterketa egin ditut, eta hirurak irabazi. Orain, beste bi falta dira: Urbasakoa  –asteburu honetan– eta Gorbeiakoa. Ea kopa lortzeko gai izaten naizen; oso jende ona dago, ordea. 

Nola entrenatzen zara?

Disfrutatzea gustatzen zait, ondo pasatzea. Ez naiz dena ematera joaten. Astean bi edo hiru aldiz entrenatzen naiz, mendian zein errepidean. Egia esan, hemen ditugun mendiak paraje ezin hobeak dira entrenatzeko. Orain, bakarrik entrenatzen naiz, baina datorren urteari begira entrenatzaile bat izatea gustatuko litzaidake. Ikusi egin behar lortzen dudan... 

Lehietan ere disfrutatu egiten duzu ala gogorrak egiten zaizkizu?

Beti disfrutatzen dut, baina baita pixka bat sufritu ere, mendia oso gogorra da-eta. Adibidez, Zegaman lehenengo kilometroak ondo egin nituen, baina gero gaizki pasa nuen. Txakalaldia izan nuen eta sufritu egin nuen... Beste lasterketetan nahiko ondo, kostatzen da, baina ondo. Izan ere, lasterketan ahal duzun guztia ematera joaten zara.

Etorkizunean honetatik bizi izatea gustatuko litzaizuke?

Noski, gustatu gustatuko litzaidake, baina oso zaila da mendi lasterketetatik bizi izatea. Oso ona izan behar duzu horretarako. Hala ere, ahaleginduko naiz.

Ikasten jarraituko duzu batxilergoa amaitu ostean?

Bai; goi mailako modulu bat egin nahi dut basozain izateko. Ahal bada, biak uztartzea gustatuko litzaidake.

Natura gustuko duzu, orduan.

Bai, mendia betidanik gustatu izan zait: ibilaldiak egiteko, perretxikoak batzeko... Animaliak ere gogoko ditut. Azken batean, mendi lasterketek gogoko ditudan bi gauza bateratzea ahalbidetzen didate: kirola eta mendia.

Oso gaztea zara, 17 urte besterik ez; zure familiak zer dio zure afizio berri honetaz?

Egia esan, zorte handia dut. Gurasoak eta anaia beti etortzen dira lasterketetara, hara edo hona. babes handia ematen didate. Alde horretatik, oso pozik nago; izan ere, beti daude niri laguntzeko prest. Beraz, ez zait animorik falta izaten, soberan izaten ditut. 

----------

Pertsonala

Zure herriko txoko maiteena: Leizargarate ingurua. 

Mendirik gogokoena: denak ditut gustuko, joaten naizen tokiaz disfrutatzea gustatzen zait. 

Kirolari gustukoena:Ez dut inor erreferente bezala, neuk neurea egin eta listo

Irabaztea gustatuko litzaizukeen lasterketa: Gorbeiakoa. 

Kanta gustukoena: Ez dakit, ez dut musika askorik entzuten . 

Pelikula gogoena: Ez naiz askorik joaten zinera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak