Mugikortasun jasangarria aldarrikatzeko azken ekintzak egingo dituzte

Mireia Bikuña 2014ko ira. 19a, 09:57

Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea egiten dihardute Eskoriatzan ere. Asteon hainbat ekintza egin dituzte, besteak beste, goitibehera tailerra. Bada, mugikortasun jasangarria aldarrikatzeko beste hainbat ekintza egingo dituzte gaurtik domekara arte. Besteak beste, gosari osasungarria eta bizikleta azoka.

Astelehenetik egin izan duten moduan, gaur, egubakoitza, ere gosari osasuntsua hartu ahal izango dute herriko ikastetxeetara "aktiboki" joaten diren herritar guztiek. 

Era berean, gaur, bigarren eskuko bizikleta azoka egingo dute, 18:00etan. Han erosi ahal izango dira egoera onean dauden bizikleta, patin, patinete eta horietan ibiltzeko erabili beharreko materiala. Azokan saltzen ez den materiala eta saldutakoaren dirua hilaren 25ean entregatuko dute antolatzaileek. Azkenik, domekan, bizikleta martxa egingo dute Urkulura. Autoa alde batera utzi eta bizikletan Eskoriatza-Urkulu-Eskoriatza ibilaldia egingo dute, 10:00etan, Fernando Eskoriatza plazatik irtenda.

Azkena, hilaren 28ko bizikleta ibilaldia izango da: Landako urtegiari itzulia egingo diote. Laupabost orduko ibilaldia izango da. Interesatuek hilaren 26a baino lehen eman behar dute izena kiroldegian, 943 71 53 28 telefonoan edo kirolak@eskoriatza.net helbidean. Jatekoa norberak eraman beharko du.

Gotibeherak Apotzaga auzoan

Mugikortasun jasangarriaren aldeko ekintza izango da Apotzagako goitibehera lasterketa. Zapatuan, 16:00etan egingo dute, bigarrengoz. Entrenamendurako igoera eta bi saio egingo ditu pilotu bakoitzak. 60 bat goitibehera egongo dira irteera puntuan. Hain justu ere, Apotzaga San Miguel merenderoan hasi eta Manuel Muñoz kiroldegi aurrean bukatuko da ibilbidea. 1.400 metro guztira.

Parte-hartzaileak bost mailatan banatuko dituzte. Maila horiek goitibeherek erabiltzen dituzte gurpilen araberakoak dira: pneumatikoak, PVC-koak, bizikleta gurpilak, errodamenduak...

Apotzagako goitibehera lasterketa Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria da, eta azken-aurreko lasterketa. Azkena, Sopuertan jokatuko da, domekan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak