Bigarren eskuko bizikleten azoka egingo dute datorren irailaren 19an, egubakoitza, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearen barruan. Bizikletak (helduenak eta umeenak), trizikloak, patinak, patineteak eta kaskoak jarriko dituzte salgai beste batzuen artean, eta ordurako aurrez eraman behar da materiala. Gaurtik irailaren 17a bitartean dute epea interesatuek.
Salneurria norberak jarri
Udalak antolatu du azoka hori eta saldu gura den materiala egoera onean egon beharko dela jakinarazi. Salneurria, ostera, jabeak jarriko dio. Azokan saltzen ez den materiala eta saldutakoaren dirua jabeari itzuliko dizkiote irailaren 25ean, eguena. Kiroldegira jo beharko dute horiek jasotzeko (10:00-13:00 eta 16:00-20:00).
Bizikleta irteera
Azokaz gain beste hainbat ekintza izango dira aste horren barruan Eskoriatzan: Debagoieneko trenaren gaineko tertulia, hilaren 16an; goitibeheren eta bizikleta aparkalekuen gaineko ikastaroa, 17an; eta Urkulura bizikleta martxa hilaren 21ean, domeka.