Ladislao: "Zuzenean grabatu dugu, freskotasuna eta naturaltasuna lortzeko asmoz"

Jagoba Domingo 2014ko ira. 1a, 11:46
Ladislao laukotea Pantailak diskorako promozio argazkian.

Brigada Criminal, Captain Nemo, Eskoria-Tza eta Los Rockinsons taldeetan ibilitako musikariek sortutako proiektua da Ladislao. Tartean, Josu Errasti eskoriatzarra dago, eta estreinako diskoa kaleratu zuen Artza anaiek, Errastik eta Lakuonak osaturiko laukoteak: Pantailak

Nola hasi zen Ladislao?

Kontua da Brigada Criminal –Joseba eta Iker Artza– eta Captain Nemo –Josu Errasti eta Xabier Lekuona– taldeek amaiera jo zutela, eta laurok gure artean proiektu bat egitea erabaki genuen. Aspaldiko lagunak gara, eta, talde barik geratu ginenez, bertsio batzuk jotzeko elkartzea erabaki genuen. Horrela hasi ginen, besteak beste, Flag Blag, Celibate Rifles, Rose Tattoo, Rip eta TDK taldeen kantuak jotzen. Pixkanaka, gure kantu propioak egiteko beharra sentitu genuen, eta horretan hasi ginen. Bertsioak jotzea oso dibertigarria da, baina beste pauso bat ematea erabaki genuen.

Diskoa prestatzen hasi zineten.

Material propioa sortzen hasi ginenean, Josu Artza Argentinara joan zen bizi izatera hilabete batzuk, eta besteok lokalean lanean jarraitu genuen. Bueltan etorri zenerako kantuak borobiltzen hasi ginen. Hori duela bi urte izan zen, eta ordutik diskoa prestatzeko lanetan ibili ginen, martxoan estudioan sartu ginen arte.

Zelakoa izan zen grabazioa?

Bonberenea Ekintzekin kaleratu dugu diskoa, guretzako aukera naturalena delako. Aspaldiko lagunak ditugu bertan, eta, bertsioak jotzen genituenean, Bonberenean egin genuen kontzertu baten ostean, diskoa editatzeko interesa azaldu zuten. Esan bezala martxoan sartu ginen estudioan Karlos Osinaga Txap-en gidaritzapean eta hiru bat egunean grabatu genuen guztia. Oraingo honetan, Brigada Criminalekin eta Captain Nemorekin ez bezala, zuzenean grabatu ditugu kantuak; Brigada Criminalen azken singlea horrela grabatu genuen, baina ordura arte disko oso bat zuzenean ez dugu grabatu. Egia esan, horrela grabatzeak beste freskotasun bat ematen dio diskoari, zuzenagoa dela uste dugu. Horrez gain, grabazio prozesua arinagoa eta atseginagoa da. Bestalde, ez dugu izan nahi zuzenean entzungo ez diren efektuak edo instrumentuak sartu. Azken finean, lokalean entzuten dena diskora eraman nahi izan dugu, soinu naturalagoa eta zuzenekoagoa bilatu dugu.

Nondik dator Pantailak?

Bizi garen gizarte honetan iruditzen zaigu denok gaudela pantailen menpe, gu ere barne. Etxera heldu eta 200 bat pantaila ditugu gure inguruan eta egun osoa horiei begira gaude. 

Biniloa noizko helduko da?

Biniloa hilabete honetan argitaratuko da; arazo batzuk direla-eta nahi baino gehiago atzeratu da, baina espero dugu aste gutxi barru esku artean izatea. 

Inguruan ikusteko aukerarik?

Arrasaten hilaren 13an egongo gara jotzen, Elkartasun Egunean, Muxibar tabernan, 18:00etan. Eta Arrasaten amaitu ostean Beasaingo gaztetxera joango gara. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak