Mazmelako auzo alkate Iban Diazek azaldu du teilatua guztiz berritu dutela, eta eliza barruko sabaia ere konpondu dutela, itoginekin hondatuta zegoelako. Horren harira, gogorarazi du eraikinaren egoera zela eta, azkenaldian ez zela inongo elizkizunik egiten; azken horren bueltan, gaineratu du, dena dela, elizkizunak berreskuratzeko asmorik ez dagoela.
Pilotalekuko argiteria
Bestetik, esan bezala, elizpean dagoen pilotalekuak ere itxura berria du. Honakoa esan du Diazek: "Egoera eskasean zegoen. Ez zuen argirik, eta hortaz, ez zen ezer ikusten. Egunez ere pilotan egiteko txarto zegoen. Bestalde, hormek ere pitzadurak zituzten".
Debagaraiaren, Debagoieneko landa garapenerako elkartea, eta Diputazioaren diru laguntza aprobetxatuta, horma horietako pitzadurak estaltzeko eta margotzeko eta argiteria jartzeko proiektua aurkeztu zuten, eta baita onartu ere. Lan horiek 2.000 euroko kostua izan dute. Diaz pozik dago emaitzarekin: "Txukun geratu da. Orain edozeinek egin dezake pilotan, librea da eta".
Azkenik, elizatera doan errepidean ere lanean dihardute, bide bazterrak konpontzen eta babes-bazterrak jartzen.