Bolibarko bidegurutzetik Antsoategi biribilgunera bitartean, saski itxurako loreontziak eta egurrez eta altzairuz egindako oholak jartzen dihardute astelehenetik langileek. Behin, jarrita loreontziak zuhandor eta gorostiekin apainduko dituzte.
Arrasaterako noranzkoan zabalik
Bestalde, lanek irauten duten bitartean eta baita mugatzen denean ere, zirkulazioa norabide bakarrekoa izango da tarte horretan: hain justu, Arrasaterako noranzkoan.
Asmoa da Sanpedrotarako amaituta izatea lan horiek; betiko moduan, jaietan itxita egongo da erdiguneko kalea. Eta hortaz, uztailean hasiko dira tarte hori ibilgailuendako mugatzen: astelehenetik egubakoitzera bitartean, 16:30etik 21:00etara; eta asteburuetan, zapatuko 13:00etatik domekako 21:00etara.
Semaforoa
Aranburuzabala kaletik datozenendako, Bolibarko bidegurutze ondoan dagoeneko jarrita dagoen semaforoak jakinaraziko du errepide zati hori itxita dagoen ala ez, eta baita pibota hidraulikoa eta seinale bertikala ere.
Antsoategi biribilgunetik barrena, ordea, bakarrik Gernika plaza aldameneko aparkalekura sartu ahal izango da. Aurrera egin gura duenak 'ez pasa' moduko seinalea topatuko du.
Oinezkoei lehentasuna eman ahal izateko asko dira azkenaldian Eskoriatzan egindako egokitzapen obrak. Erdialdean, besteak beste, autobus geltokia Gorosarri plaza parera eroan da eta Azkoaga Enea hotel ondoan biribilgunea eraiki.
Horrez gain, zirkulazioa desbideratzeak eragina izango du inguruko auzoetan, eta horietan ere hainbat lan egin behar izan dira. Gasteiz aldera joaten direnak, esaterako, Arbiñostetik pasa beharko dira, eta hori dela eta, oinezkoendako egurrezko pasabidea ipini da eta autoak pasatzeko zubia asfaltatu eta egonkortu.
Hidalga kaleko lanak egiteke
Dorleta eta Olazarren ere hainbat obra egin dira, eta Hidalga kalean hainbat lan daude egiteke: espaloi bat zabaltzearekin batera, zebrabideak irisgarritasun planean aurreikusita dauden moduan margotu behar dituzte.
Guzti hori eta herrian egindako gainerako asfaltatze lanak egiteko aurrekontua 530.000 eurokoa bazen ere, Diputazioak eta Jaurlaritzak emandako laguntzei esker, kostu erreala 473.000 eurokoa izan da.