Gertu du Arizmendi ikastolak zapatuko Ferixie

Mirian Biteri 2014ko eka. 5a, 11:57

Artisauak ez dira faltako zapatuan.
Arizmendi Ikastolak Ferixie gertatu du hemezortzigarrenez; tartean, ehun bat postu, askotariko txapelketak, herriko taldeen emanaldiak eta herri bazkaria izango dira zapatuan Eskoriatzan.

Ekintzak 09:00etan hasiko dira, etxafuego jaurtiketarekin; eta ordu erdi geroago txistulariak hasiko dira kaleak girotzen. Azokaren irekiera 10:00etan  izango da. Ehun postu inguru jarriko dituzte; urtero moduan, baserriko eta artisau produktuak eta tresneria erosteko aukera izango dute bisitariek eguerdira bitartean. Aurten ere Urkabustaizko Joaldunak arduratuko dira azoka alaitzeaz.

Txorimalo lehiaketa eta umeen txokoa

Azoka zabaldu bezain pronto, 17. Txorimalo Lehiaketa hasiko da. Umeen txokoa, berriz, 11:00etan zabalduko dute Santa Mariñe plazan; puzgarriak eta tailerrak izango dira bertan.

Kroxeters

Ordu berean, Kroxeters taldeak Urban knitting izeneko ekimena eskainiko du plazan. Gantxilloa edo crocheta egitea gustatzen zaien hamabost bat debagoiendarrez osatutako taldea da hori. Bestalde, VII. Gazta Dastatzea eta Txapelketa 11:30ean hasiko da ikastola parean, eta ordubete geroago, Arizmendi Ikastolako Abesbatzarekin Herrixa kantuen saioa, toki berean. Eguerdian, gainera, trikitilariak ibiliko dira herriko kaleetan.

Sari banaketak

Eskoriatzako dantza taldeak emanaldia egingo du, 13:00etan, plazan; eta 14:00etan, sari banaketen txanda izango da: hain justu, azokako postu eta txorimalo lehiaketaren sari banaketez gain, errifa zozketa ere egingo da ikastola parean.

Jarraian, herri bazkaria izango dute Joseba Iñurrategi pilotalekuan; 200 lagun inguru batuko dira mahaiaren bueltan. Azkenik, egunari amaiera borobila emateko, IV. Txapel Jaurtiketa Txapelketa egingo dute, 19:30ean.

Urtero moduan, Jose Arana guneak izan du jaia antolatzeko ardura Eskoriatzako beste eragile batzuekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak