Aitor Agiriano: "Sukaldean aritzeak erlaxatu egiten nau: fuera buruhausteak!"

Leire Kortabarria 2014ko mai. 28a, 00:00

Aitor Agirianoren hainbat aurpegi.
Goiena telebistako ikusle gaztetxoenek bereziki Kantari saiotik ezagutzen dute Aitor Agiriano eskoriatzarra, baina beste lan asko egin izan ditu antzezpen munduan.

Zelakoa da Aitor Agiriano?

Pertsona alaia, perfekzionista, saltseroa, burugogorra, eta, gezurra badirudi ere, lotsatia.

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Oso ona. Sukaldean aritzeak erlaxatu egiten nau. Musika jarri, ardo kopatxo bat aldamenean, eta fuera buruhausteak! Jateko orduan ahoa itxiko ez banu, ez nuke sekula jaten amaituko! 

Zein da zure espezialitatea?

Arroza barazkiekin.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena, eta non?

Piknik batera. Lagunaren arabera zerbait prestatu eta kostaldeko txoko dotore batera eramango nuke. Lasaitasunean gure kontuez hitz egin, txorakeriak egin eta disfrutatzera!

Eta etsairik handiena?

Urik ere ez nioke emango. Parean jarri eta nik jandakoarekin nola disfrutatzen dudan ikusten duen bitartean, gosea pasa dezala.

Zeinekin jesarriko zinateke mahaiaren inguruan, eta zergatik?

Kultura ministro Jose Ignacio Wert-ekin. Egindakoak ez dauka izenik, eta horren inguruan hitz egingo nuke.

Zergatik aktore?

Zu ez zaren beste pertsona batzuen izaeran sartu eta jolasteko aukera ematen dizulako.

Ze aktore duzu gogokoen, edo zein miresten duzu?

Egiten duten lana ikusita, Meryl Streep eta Johnny Depp.

Aktore ez bazina…?

Haurrekin lotutako edozein lanbide. Bizia ematen didate.

Kaletik ezagutzen zaituzte? Eta hala bada, nola bizi duzu hori?

Bai, ezagutzen naute. Hasieran, arraro samarra da ezagutzen ez zaituen edonork kalean gelditu eta zerbait esatea, autografoa edo argazkia eskatzea… baina ohitu egiten zara. Eskertu beharreko gauza bat da jendea zuregana gerturatu eta egin duzun lanagatik zoriontzea. Esan beharra dago parrandaren baten tragoren bat dohainik ere atera zaidala. [Barre] Familiak eta ingurukoek okerrago daramate. 

Zer maite duzu bereziki bizimodu horretatik?

Gustuko lana egiten dudala, eta aktuazio bat amaitzean publikoaren eta norberaren artean sortzen den adrenalina hori ez dago ordaintzerik. 

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera ematen dizute. Zer eskatzen diezu?

Osasuna, zoriontasuna eta adiskidetasuna.

Anekdota bat…

Antzezlan batean ari nintzela beste aktore baten hanka artetik pasa behar nuen azkar aurrera. Honek prakak eusteko soka bat zuen gerriko gisa, eta, luzea zenez, belaunetaraino iristen zitzaion. Banindoan ni hanka artetik pasatzera... eta momentu hartan, ez aurrera ez atzera ez nintzen ba sokarekin trabatuta hanka artean gelditu! Bi aldiz pentsatu gabe indar guztiarekin aurrera egin eta ia lepoa moztu nuen bertan! 

Damu zara…

Oso gauza gutxiz.

Ze errepikatuko zenuke?

Orain arte egindako guztia.

Zerk beldurtzen zaitu?

Bakardadeak.

Lanetik etxera ailegatu berri, sofan eseri eta…

Zortekoa ni! Ez dut aukera hori izaten. Etxera iristean, anaia hankaz gora egoten da bertan eta ez du inork mugitzea lortzen! 

Nora ospa egingo zenuke gustura?

New Yorkera. 

Aholku bat…

Ez utzi inoiz amets egiteari, amestea errealitate bihurtu den ametsa da, eta amets egin badezakezu, lor dezakezu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak