Eskoriatza Kirol Elkartearen Eguna egingo da bihar, Mendi Astearen bueltan

Mirian Biteri 2014ko mai. 23a, 11:38
Aurrera dihardu Mendi Asteak. Gaur, 'Ez zaitez galdu Eskoriatzan' lelopean, orientazio jokoak egingo dituzte plazan, 18:00etan. Bestalde, bihar, askotariko ekintzak daude aurreikusita: batetik, familian egiteko bizikleta irteera abiatuko da 09:00etan plazatik; eta bestetik, Eskoriatza Kirol Elkartearen Eguna ere bada bihar, eta horren barruan, kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako ekintzak izango dira. Etzi, domeka, Garaiora irteera gertatu dute; 09:30ean egin dute hitzordua plazan.

Domekan hasi ziren ekintzak, elizateetatik egindako martxarekin. Eguraldiak lagundu egin zuen, eta 120 lagun inguruk parte hartu zuten ibilaldi horretan. Martitzenean, berriz, Gabez Takarraran mendi lasterketako zati bat egiteko asmoa zegoen, baina ekaitzak tarteko, ezin izan zituzten irteerak egin. Bestalde, ikus-entzunezkoek jende larregi batu ez bazuten ere, ez zuten huts egin; bereziki, Salto base, la montaña desde otra perspectiva izenekoak. Ikusgarria izan zen hori.

Bestalde, gaur egingo diren orientazio jokoetan dagoeneko 60 umek eman dute izena. Txikitxoendako zirkuitua prestatu dute plazan, eta margotzen ere ibiliko dira; gainerakoak, ostera, herritik ibiliko dira.

Txapeldunei ongi etorria

Eskoriatza Kirol Elkartearen Egunak egun osoa iraungo du. Ekintza batzuk aipatzearren, eguerdian, aurtengo denboraldian, Gipuzkoa eta Araba mailan lan bikaina egin duten hiru taldeei ongi etorria egingo zaie udaletxean: hain justu, saskibaloian, haurren mailan, neskaz osatutako Lek Eskoriatzari; eta areto futboleko kadete eta gazteetan, Arizmendi-Eskoriatza eta Eskoriatza K.E. taldeko mutilei. Arizmendi-Eskoriatzari dagokionez, aipatzekoa da Gipuzkoako txapelduna izateaz gain, etzi, domeka, Euskadiko txapelketako finala jokatuko duela Bilbon.

Elkartearen 50. urteurrena

Aurten, gainera, kirol elkarteak 50 urte betetzen ditu, eta hori ospatzeko herri bazkaria gertatu dute; paella erraldoia prestatuko dute horretarako. Dagoeneko 200 txarteletik gora saldu dituzte, eta oraindik horiek eskuratu daitezke. Kirol Elkarteko presidente Jabi Corbalek azaldu digu txartelak 6,5 eurotan saltzen direla gaur egun klubeko jokalariak direnendako, eta 8,5 eurotan jokalari ohi eta familiako kideendako. Akeita tabernan eta Manuel Muñoz kiroldegian erosi daitezke.

Corbalek nabarmendu gura izan du elkartearekiko fideltasuna eskertzeko, hamar urte baino gehiagotan bazkide diren lagunek bazkarira debalde joateko aukera dutela; eta kasu horretan, Akeitan edo kiroldegian izena ematearekin nahikoa dela.

Eskoriatza Kirol Elkartearen Eguneko egitaraua:

  • 09:30-13:00 Saskibaloia.
  • 13:30 Motorzaleen topaketa.
  • 12:00 Musika plazan.
  • 13:30 Gipuzkoa mailako talde txapeldunei ongi etorria udaletxean.
  • 14:30 Herri bazkaria plazan.
  • 16:00 Mahai jokoak plazan.
  • 17:30 Areto futbola: trebetasun txapelketa
  • 18:30 Saskibaloia: binakako tiro txapelketa.
  • 19:00 Musika plazan.
  • 19:30 Parrillada: txuleta jana, plazan.
  • 20:45 Champions finala.
  • 01:00 Jai bukaerako txupinazoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak