Carlos Malagon: "Mugarik ez izateak gazteen garapena galarazten du"

Mirian Biteri 2014ko mai. 16a, 12:33

Nerabeekin urteak lan egiten daramatzan Carlos Malagon irakaslea Eskoriatzan dago egunotan. Gaur, helduendako ipuin kontaketa eskainiko du Huhezin, 22:30ean; eta bihar goizean, berriz, familiendako tailerra. Nerabeekin izan beharreko harremanaz egin digu berba.

Carlos Malagon, un maestro que cuenta cuentos izeneko helduendako ipuin kontaketa eskainiko duzu Huhezin, 22:30ean. Zertan datza?

Eskola-bizitza zatitu daitekeen hiru adinei zuzendutako ipuinak kontatzean datza: Txikitxoendako maitagarriei buruzko bat, Lehen Hezkuntzakoendako mitologia zeltaren gainekoa bestea, eta Bigarren Hezkuntzakoendako Bucayren ipuin bat kontatuko ditut. Berez umeendako diren ipuinak oso baliogarriak dira helduendako. Kontatuko ditudan ipuinen artean, izarra Peronik, el idiota izenekoa da: magia-ipuin honetan gauzak ez dira ematen dutena eta kalteak hori baino ez dira; errealitatearen egia indargabetzeko balio dute horiek.

Bestalde, bihar, familiendako tailerra emango duzu 10:00etatik 13:00etara? Zeri buruz egingo duzue berba horretan?

Askotariko gaiak landuko ditugu bertan: guraso edo irakasleen nerabezaroa nolakoa izan zen, seme-alabena zelakoa den, seme-alaben bizitzaren ezagutzea edo zer da nerabezaroa eta adin tarte horretan jarri beharreko mugak, besteak beste.

Eta nola egin behar zaio aurre nerabezaroari?

Kutsatuta egongo balira moduan tratatuak dira askotan gazteak. Txikiak direnean arreta handiz zaintzen ditugu umeak... eta ahaztu egiten gara behar gaituzten neska-mutilez. Erronka egiten digute beraien ideiak berresteko, proban jartzen gaituzte gizakien egiazkotasuna azalarazteko eta ihes egiten dute beldurrak dituztelako. Helduekin duten duelu guzti hori hazteko eta topatu ahal izateko da. Lagundu behar diegu, nerabea izatea zaila da, baina nerabea izatea nerabea den gizarte batean balore berezia duten ausartendako da: horiek dira gure gaurko gazteak.

Nolakoa izan behar da gurasoen eta nerabeen arteko harremana?

Ezin gara seme-alaben lagunak izan; heldutasunetik jarduteko kapaz izan behar gara. Garena izan behar gara. Komunikazio bidea  ez da inoiz galdu behar; eta komunikazio hori mugekin orekatu behar dugu.

Hortaz, mugak jarri behar dira...

Hazi ahal izateko aurre egiten duten trabak dira mugak. Mugarik ez izateak autonomiaren eta berezko senaren garapena galarazten du. Mugak bidea islatzen duen ispilu bezala ikusten dituzte gazteek. Konfiantza garatze aldera, kontuan hartuko dituzten idealak eskaini behar dizkiegu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak