Eguraldia lagun izan dute eta eskoriatzar ugari animatu dira gaur Atxorrotzen goiz pasa egitera. Egun seinalatua zen, izan ere Atxorrotz Eguneko ekitaldiak zeuden iragarrita. 11:00ak alderako jende kopuru polita zegoen tontorrean, baina apur bat beranduago pilatu da jende gehien; 13:00ak aldera, hain zuzen ere.
Gaztelekutik antolatuta gazteendako ginkana egin dute Atxorrotzen. Txirikila elkarteak antolatuta umeendako jolasak ere egon dira: kobazuloan ibili dira atzera eta aurrera, oreka zintarekin ere ekinaldi polita egin dute eta eskulantxo batzuk ere ez dira falta izan: bertan aurkitutako adar eta hostoekin entretenitu dira neska-mutikoak.
Okasiorako Atxorrotzen ipinitako tabernan ere lanpetuta ibili dira. Pintxo salmenta bikain joan da eta sagardoa agortu egin da. Eskoriatzar askok goiz pasa baino gehiago egin dute Atxorrotzen; asko bazkari eta guzti igo baitira tontorrera.
Arratsaldean, plazan
Festa egunak herriko plazan izan du jarraipena arratsaldez. Herritarrek egindako patata tortilla pintxoen salmenta solidarioa ondo joan da. Batutako dirua Atxorrotx gobernuz kanpoko elkartera bideratu dute.
Dantza egiteko aukera ere izan dute eskoriatzarrek Herrixa dantzan ekimenaren baitan. Patxi Monterok gidatuta eta Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eskutik erromeria berezia egon da plazan. Sokan, bikotean, korruan... askotariko dantzak egin eta ikusi dira. Guztiak maila errazekoak.