Hartu berri duzun karguari aurre egiteko animatuta?
Bai horixe. Oso lantalde ona dago, eta orain sartu garenok aurrekoek egindako bideari jarraituko diogu; izan ere, urte guztirako ekintzak zehaztuta dituzte eta ezer berririk asmatu beharrik ez dago. Futbol taldeetan esaten den moduan ondo dabilenean zergatik aldatu.
Zurekin batera zeintzuk osatuko duzue zuzendaritza batzordea?
Nirekin batera sartu dira Pedro Bengoa eta Montse Masip; eta jarraitzen dutenak dira: Mari Verdejo; Mari Jose Salas (idazkaria); Manuel Mata; Marmolejo (presidenteordea); eta Jasone Orbegozo (diruzaina).
Zenbat bazkide zarete?
634 gara egun eta zabalik gaude herriko edozein erretiraturi. Urteko kuota 7 euro da, eta 85 urtetik gorakoek ez dute ordaintzen.
Urterako zein egitarau duzue?
Esandako moduan aurreko batzordeak zehaztuta utzi du guztia. Bidaiak ditugu: luzeak bi, maiatzean Portugalera eta urrian bigarrena, eta gero egun bakarrekoak asko; hitzaldiak: memoria lantzeko tailerra maiatzean… Mahai-joko txapelketetara joaten gara; eta ospakizunak ere baditugu: 80 urtetik gorakoen afaria uztailean… Gure helburua erretiratuei disfrutatzeko aukera ematea da, baina beti ere ahaztu barik aspektu soziala; krisi dontsu hau dela-eta egoera larrian daude asko, eta orain arte lortutakoa ez dezagun galdu aldarrikatuko dugu.
Zein ekintza da arrakastatsuena?
Bidaiak, zalantza barik. Joan den astean zabaldu zuten Portugalgo bidaiarako izenematea eta bi egunetan bi autobus bete dira, 92 lagunek eman dute izena. Oso bidaia interesgarriak antolatu izan dituzte orain arteko batzordekideek, eta guk ere lan handia egin beharko dugu horretan.
Bertako zerbitzuekin pozik daude bazkideak?
Bai. Podologia zerbitzua dugu eta aholkularitza juridikoa ere bai. Eguenetan mahai-jokoak egiten dituzte tabernan eta dantzak ere baditugu. Erretiratuen egoitzara familiartekoekin etor daitezke bazkideak, bazkaltzera esaterako, eta ondo funtzionatzen du.