Elkarteko kide diren 24 komertzioek bere produktuak eta zerbitzuak aterako dituzte kalera, eskaintza bereziekin. Azokarekin batera, umeendako hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Puzgarriak jarriko dituzte, eta Tortolis ludotekako hezitzaileen laguntzarekin, tailerrak ere egingo dituzte. Bazkal ordura arte egongo dira plazan.
Parrillada
Arratsaldean, azoka eta umeendako ekintzaz gain, 18:30ak aldera, herriko harakinek gertatutako parrillada ederra banatzen hasiko dira. Zozketa ere antolatu dute merkatariek, eta egunari amaiera borobila emateko, zenbaki irabazlea jakinaraziko dute. Elkarteko kideen produktuekin osatutako otarra zozketatuko da. Horren harira, honakoa azaldu digu elkarteko kide Eider Kortazarrek: "Elkarteko komertzioetan daude txartelak salgai, eta esan beharra dago, oso ondo ari direla saltzen. Ez da harritzekoa. Euro baten truke 500 eurotik gora balio duen saski ederra eraman dezakete etxera". Zozketan jasotako diruaren %20a gizarte ekintzetara bideratuko da. Tabernariek ere lana izango dute bihar. Tabernetan eta azokan bertan salgai egongo den bono berezia atera dute, eta bost euroren truke sei edari hartzeko aukera izango da.
"Eskertzeko modua"
Biharko egunarekin nahiz asteon egiten dabiltzan kanpaina bereziarekin herriko merkataritzari bultzada eman gura diote. Baina, horrez gain, eskoriatzarren jarrera ere eskertu gura dute. Horren bueltan, honakoa nabarmendu Ixkur ile-apaindegiko ugazabak: "Esaterako, zozketak horrelako ongi etorria izatea oso garrantzitsua da guretako; aurrera jarraitzeko animoa ematen digu, eta horrelakoak antolatzea eskertzeko modua ere bada".
Erdialdeko errepidea itxita
Bestalde, jakinarazi beharra dago merkatarien elkartearen eguna dela eta, bihar, zapatua, itxita egongo dela erdiko errepidea; hain justu, 10:00etatik 21:00etara bitartean egongo da mugatuta Jose Arana gunetik Antsoategiko biribilgune berrirainoko zatia.